Inaxio Alguacil: "Ingurune ikusgarri batez harago, jendeak ematen dio xarma triatloiari"

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko apirilaren 30a

Ezkerretik hasita, BHko Marketing arduradun Ivan Sarralde, Aldundiko Kirol zuzendari Asier Sarriegi eta Zarauzko Triatloi Elkarteko presidente Inaxio Algualcil. Aritz Mutiozabal Azken urteetan gorabehera ugari izan du Zarauzko triatloiko zirkuituak. Horrek, ordea, ez du eragotzi urtero jendetza bertaratzea. Zarauzko Triatloi Elkarteko lehendakari Inaxio Alguacilek (Orio, 1977) argi du hori. Ekainaren 14an jokatuko dute. Atzo aurkeztu zuten proba Donostian. Itsasoaren ondorioz hainbat aldaketa egin behar izan duzue zirkuituan. Proba itsaso inguruan egiten da, eta horrek eragina du beti zirkuitu osoan. Aurten behartu gaitu korrikako proba aldatzera, egun biotopoko pasabidea desagertuta dagoelako. Baina ekainaren 14an itsasoa bare baldin badago, konformatuko gara. Iaz ezin izan zen itsas zeharkaldia egin. Aurten kenduko al duzue arantza hori? Bai. Iaz antolakuntzak lan fina egin zuela uste dut, oso ongi lotuta genuelako guztia. Azken orduan, ordea, itsasoak bere alde txarra erakutsi zigun. Atsekabetuta geratu ginen, eta aurten irrikitan gaude eguraldi onarekin probaz gozatu dezaten triatloilariek zein ikusleek. Izan ere, uste dut triatloiaren ezaugarrietako bat dela zeharkaldia: parte-hartzaileek gehien estimatzen duten proba da, ikusgarriena. Zein baldintza espero dituzue? Tenperatura aldetik, orain 14-15 gradu ditu urak. Legeak 16 gradutan ezarrita dauka gutxieneko muga. Espero dugu ekaina bitartean pare bat gradu igoko dela uraren tenperatura. Berez hotza da, baina triatloilariek neoprenoa erabili dezakete. Olatuei dagokienez, berriz, ezin dugu aurreikusi zein izango den itsasoaren egoera. Olatuei lotuta, itsasaldiek eragindako kalteak ikustean ez al zineten larritu? Bai, asko. Ikusi genuen Malekoi guztia kaltetu zutela. Guretzat oso gune estrategikoa da, bertan atontzen ditugu box-ak trantsizioak egiteko. Korrikako probako zati handi bat ere itsasertzetik igarotzen da. Baina, gerora, hausnartu egin dugu. Egia esan, hobe da halako ezbeharrak martxoan gertatzea, eta ez proba bezperan. Gainera, erritmo onean ari dira lanean, eta konponduko dute ordurako. Bizikletako ibilbideari begira gaude; izan ere, oraindik ere badira zenbait gune Getaria eta Zumaia artean erabat konpondu gabe. Hala ere, lanak ekainerako amaituko dituztela esan digute. Eragozpenak eragozpen, urtero arrakasta handia izan ohi du Zarauzko Triatloiak. Zure ustez, zein da arrazoia? Nire ustez, ingurune ikusgarriaz harago, jendeak ematen duen bultzadagatik da hain berezia Zarauzko Triatloia. Biltzen den jendetza, herritarren inplikazioa, ematen duten babesa... Horrek  ematen dio xarma probari.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide