Zumaiako Beheko Plaza obretan (Baleike)
Eusebio Gurrutxaga plaza berritzeko lehen lanak hasi dituzte Zumaian. Oraingoz, Mugi bizikleta zerbitzuko aparkalekuak eta eserleku batzuk kendu dituzte –eserlekuak Basadin jarriko dituzte, Narrondo ibaiaren ondoko pasealekuan–. Santelmoen ondoren ekingo diote zorua altxa eta azpiko ur zerbitzuen hoditeria berritzeari.
Campezo enpresak egingo ditu lanak, 400.000 eurotik gorako aurrekontuarekin. «Ez da lehiaketara aurkeztu den proposamen merkeena, baina bai plazako merkatari, eragile eta herritarren beharrei gehien egokitzen zaiena», jakinarazi du udalak. Lanak hiru hilabetean egingo dituela agindu du enpresak, eta faseka antolatuko ditu, ahalik eta enbarazu gutxien egiteko. Lanak egiteko 100.000 euroko diru laguntza jaso du Zumaiako Udalak aldunditik, eta beste 36.000 euro Eusko Jaurlaritzatik.
Txukuntze lanak amaitutakoan, plaza biziberritzeko proiektu berriak ditu udalak. Batetik, ostegunetan Amaiako plazan eta Ondartxon egiten den azoka Beheko Plazara eraman nahi du. «Udalaren ustez egungo gunea ez da lekurik egokiena azoka egiteko, espazioa zatituta dagoelako». Osteguneko azokaz gain, herriko lehen sektoreari bultzada emango dion beste azoka bat antolatu nahi du. «Garaiko produktuak bertan ekoiztu eta kontsumitzea bultzatuko duen azoka» izango litzateke. Azoka hori posible ote den eta zer ezaugarri behar dituen erabakitzeko maiatzean hasiko da Udala eragileekin biltzen.