Pulpoko jubenilak jokoan (Gorka Zabaleta/ Baleike)
Eskubaloiko Jubenil mailako Espainiako Txapelketako zortzi talde onenen artean sailkatzeko ligaxka jokatu da asteburuan Zumaian, Pulpo eskubaloi taldeak antolatuta. Kataluniako Granollers, Zaragozako Corazonistas eta Iruñeako Anaitasuna izan dira zumaiarren aurkariak. Pulpoko taldeak lehen urtea egin du jubenil mailan, baina bazuten etxean lan txukuna egiteko esperantza. Euskadiko txapeldun gelditu ostean, erronka gogorragoei aurre egiteko prest zeuden Alex Olidenek zuzendutako mutilak.
Eta ederki ekin zioten ligaxkari. Ostiralean 37-34 irabazi zioten Granollersi, eta batek baino gehiagok eskura ikusi zuen ametsa. Granollersek sona handia du eskubaloian, eta hura mendean hartzea balentria handia da. Urduri ekin zioten partidari. Ezin atezainaren aurrean aukera garbiak asmatu, baloia ere errazegi galtzen zuten, eta horrek kontraerasorako aukera eman zion Granollersi. Lauzpabost gol atzetik izan ziren lehen ordu laurdenean, baina taldeak ez zuen burua makurtu. Partidak azken minutura arte lehiatu behar direla irakatsi nahi izan die entrenatzaileak, beti erraz irabaztera ohituta, eta lezioa ikasi dutela erakutsi zuten. Atsedenaldirako partida berdindu zuten, eta bigarren zatian bikain aritu ziren erasoan zein defentsan, Granollersek amore eman zuen arte.
Bigarren jardunaldian Corazonistasi irabazi ondoren, igandean, ligaxkako azken partidan, Pulpo eta Anaitasunaren arteko partidan erabaki zen azken faserako txartela. Anaitasunak erakutsi zuen lehen bi partidetan talde oso sendoa dela. Mutil handiak dira, eta defentsako lana oso landuta daukate. Erasoa da, berriz, Pulporen dohaia. Hor zegoen erronka. Nahi baina ezin, ordea. Partida hasi orduko ikusi zen nafarren harresia gaindiezina zela Pulporentzat. Erasoan hain erraz eta hain alai jokatu ohi duen taldea ezinean ikustea sufrimendua izan zen harmailak bere zituzten jarraitzaileentzat, baina errealitatea onartu beste aukerarik ez zegoen. Anaitasuna izan zen talde onena, eta beraiek jokatuko dute zortzi onenen arteko finala. Pulpok hurrengo urtean izango du berriro saiatzeko aukera.