Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Orioko Udalak Irakurri, Gozatu eta Oparitu kanpaina abiatu du, herritarren artean euskarazko liburuen irakurketa sustatzeko. Gainera, herritarrak udal liburutegira hurbiltzea eta herriko liburu dendetan euskarazko liburuen kontsumoa sustatzea lortu nahi dute egitasmoarekin. Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatu dute egitasmoa Karkara Elkartearen laguntzarekin.
Hiru urrats ditu kanpainak. Euskaraz irakurtzea da helburua eta, horretarako, herritarrek liburutegira joan eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu behar dute. Liburua irakurritakoan, liburutegira itzuli eta fitxa sinple bat bete beharko dute ondoren iritzia emanez. Behin fitxa hori betetakoan, liburuzainak erosketa-txeke bat emango du, Orioko liburu denda batean euskarazko liburu bat erosteko %25eko deskontuarekin. Karkarako laguntzaile direnek %50eko deskontua lortuko dute.
Azkenik, erositako liburu hori lagun, senide, edo nork bere buruari oparitzea da asmoa.
Hiru liburu denda
Ekainaren 30era arte egongo da liburutegian erosketa-txekeak lortzeko aukera, eta horiek uztailaren 5era arte erabili ahalko dira liburu dendetan. Ontza liburu dendan, Iturain estankoan eta Mauka paper dendan erosi daitezke liburuak.