Ezkerretik hasita, BHko Marketing arduradun Ivan Sarralde, Aldundiko Kirol zuzendari Asier Sarriegi eta Zarauzko Triatloi Elkarteko presidente Inaxio Algualcil. Aritz Mutiozabal
http://youtu.be/KBd-Ltu_-Ks
Gaur eguerdian eman dituzte ekainaren 14ean jokatuko den 28. BH Zarauzko Triatloiaren xehetasunak. Aurten aldaketak izango dira zirkuituan, "halabeharrez". Otsaileko eta martxoko itsasaldiek eragindako kalteen ondorioz, triatloilariek ezingo dute biotopotik korrika igaro. Hori dela eta, betiko ibilbidea moztu eta bide alternatiboa planteatu dute antolatzaileek: hiru beharrean, lau itzuli egin beharko dituzte parte-hartzaileek herrian zehar. Guztira, 20 kilometroko luzera izango du
korrikako probak. Ibilbidea "oso urbanoa" izango bada ere, alde ona duela nabarmendu du Inaxio Alguacil Zarauko Triatloi Elkarteko presidenteak: "Jende gehiena Alde Zaharrean bildu ohi da proba ikusteko. Hori dela eta, aurten triatloilariek babes gehiago jasoko dutela uste dugu".
Bizikleta proba ere moldatu egin dute aurtengo triatloirako, eta Aiako aldapa berreskuratu dute. Iaz ezin izan zuten gune horretatik igaro errepidean obretan ari zirelako. Aurten horren aldeko apustua egin du Zarauzko Triatloi Elkarteak. "Hor biziko dituzte triatloilariek une gogorrenak", ohartarazi du Alguacilek. Eta horrek, aldi berean, "ikuskizun ederra" eskainiko du. Ibilbideak bi zati izango ditu. Lehen zatian 28 kilometroko bi itzuli egin beharko dituzte triatloilariek, Zarauztik Meagara igo eta kostaldetik herrira bueltatuz. Ondoren Orioko bidea hartuko dute, Aiako murrua igo eta berriz ere Oriora jaisteko. Hortik Txurrukako gaina gainditu beharko dute parte-hartzaileek Zarautzera itzultzeko. Bigarren zati horrek 25 kilometroko luzera izango du, eta bizikletako probak guztira 82 kilometro.
Halaber,
igeriketa proba ere berreskuratuko dute aurten. Iaz marmoken izurrite bat medio, azken unean Getaria-Zarautz zeharkaldia bertan behera utzi behar izan zuen antolakuntzak eta triatloia duatloi bihurtu zuten. Aurten hiru diziplinatan lehiatuko dira triatloilariak. Getariako hondartzatik abiatuko dira emakumezkoak 14:00etan eta gizonezkoak 14:15ean. 2,9 kilometroko distantzia egin beharko dituzte Zarauzko hondartzara iristeko, gehienez ordubetean.
Zarauzko Triatloiko sailkapena kontuan hartuko da distantzia horretako Gipuzkoako txapeldunak izendatzeko, emakumezko zein giztonezkotan.
Triatleta profesionalak lehian
Iazko "ezustekoek" ez dute urteroko hitzordu "arrakastatsuan" triatletek duten parte hartzeko grina zapustu. Eta hori agerian geratu da izena ematerakoan. Aurten horretarako prozedura aldatu dute, eta bi txandatan eman ahal izan da izena triatloian. Iaz proban irteera hartu zutenak saritu nahi izan ditu aurten antolakuntzak eta horientzat aurrez izena emateko epea zabaldu zuten, 300 lagunentzat. Libre geratu ziren dortsalak otsailaren 3an jarri zituzten salgai eta bi egunetan amaitu zituzten guztiak. "Horrek erakusten du Zarauzko Triatloiak xarma berezia duela, magia", adierazi du Zarauzko Triatloi Taldeko presidenteak. Guztira, 650 lagunek hartuko dute parte ekainaren 14ko proban. Algualcilen arabera, parte-hartzaileen %60a Euskal Herri kanpokoa da, gehienak kataluniarrak, madrildarrak, valentziarrak eta Akitaniakoak.
Emakumezkoen artean "norgehiagoka gogorra" izango dela nabarmendu du. Faboritoen artean, Catriona Morrison eskoziarra, Saleta Castro galiziarra, Maider Gaztañaga tolosarra eta Eva Ledesma kataluniarra. Morrisonek hainbatetan irabazi du Zarauzko Triatloia, azken aldiz iaz. Laugarren txapelaren bila etorriko dela ohartarazi du Alguacilek. Horrek, ordea,"aurkari gogorrak" izango ditu. Castro distantzia luzeak asko landu ditu eta Hawaiiko Ironmana du helburu. Ildo horretatik, Zarauzko Triatloia inflexio puntu garrantzitsua izango da galiziarrarentzat. Duela bi urteko irabazlearen, Gaztañagaren kirol ibilbideko azken proba izango da ekainaren 14koa eta 2012ko garaipena errepikatu nahian etorriko da.
Gizonezkotan ere maila handiko triatletak lehiatuko dira: Aimar Agirresarobe tolosarra, Fraser Cartmell eskoziarra, Peru Alfaro hernaniarra eta Alacanteko Pedro Miguel Reig. Agirresarobe bigarren sailkatu zen iaz. Cartmell Zarautzen lehen aldiz izango bada ere, distantzia luztean eskarmentu handia du. Alfarok, berriz, "oso ongi" ezagutzen du Zarauzko Triatloia.
Zarauzko Triatloia hamar aldiz irabazi duen Eneko Llanosek ez du baieztatu parte hartuko duenik. "Mundu mailako txapelketatan dabil gasteiztarra eta horren mende egongo da ekainaren 14ko proban parte hartzea. Hala ere, indar handia eman ohi dio proba honek Llanosi eta ziur nago 11. txapelaren bila etorriko dela", esan du Alguacilek.
35 bat zarauztarrek ere hartuko dute parte, tartean Jon Unanuek. "Igeriko proba lehenbiziko postuetan amaituko du ziurrenik, eta ondoren hanketan nahiko indar izan bitartean eutsiko dio lehen postuei. Gainera, etxean lehiatuta guztia emango du", jakinarazi du.
Irabazleek 3.000 euro eskuratuko dituzte, txapelaz gain. Gipuzkoako Distantzia Luzeko Txapelketa ere jokatu dutenez, etxekoen artean ere jokoan izango da txapela.
Triatloia, zuzenean
Iazko erronkari eutsiz, Munoa plazan pantaila erraldoia jarriko dute bisitariek zein herritarrek triatloia jarrai dezaten eta ETBk ere zuzenean emango du. Horrez gain, telebista kate horretako
streamming-aren zein
Zarauzko Triatloi Elkartearen webgunearen bidez ere jarraitu ahalko da.
Munoa plazan bilduko dira baita ere triatloiaren harira antolatutako ekitaldi gehienak. Besteak beste, gastronomia gunea, kontzertuak eta bestelako animazioa ere izango da ostiral arratsaldetik hasi eta igandera. Igandean, gainera, triatloi txikia jokatuko dute.