Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
"Arrakasta handia" izan du Pagoeta Mendizale Elkarteak apirilaren 13an egin zuen Zarauzko Iraupeneko IV. Ibilaldiak, Ibilaldi Txikiak eta Ttipi-Ttapa Ibilaldiak. Lehenbizikoan 500 ibiltarik hartu zuten parte, bigarrengoan 443 lagunek eta hirugarrenean 116 pertsonek. Elkarteak eskerrak eman dizkiete parte hartu duten guztiei eta proba horiek antolatzen lagundu duten askotariko eragileei.
Hona hemen elkarteak eskerrak emateko bidali duen oharra:
"Pagoeta Mendizale Elkarteak antolatuta igandean—hilaren 13an— aurrera eman diren Zarauzko Iraupeneko IV. Ibilaldia, Ibilaldi Txikia, eta Ttipi-Ttapa Ibiladia arrakasta handiz eraman dira aurrera. Eguraldiak ere zer esana izan du horretan, benetan bikaina izan baita mendian ibiltzeko.
Iraupeneko Ibilaldia, 500 ibiltarik amaitu zuten. Ibilaldi Txikia 443k, eta aurtengoan lehen aldiz eta esperimentu gisa antolatutako Ttipi- Ttapa ibilaldiak ere erantzun zabala izan du, eta gaztetxo eta gurasoen artean 116 partaide izan ziren ibilaldia amaitu zutenak
Bide batez, Pagoeta Mendizale Elkarteak eskertu nahi ditu ekitaldi hau antolatu eta aurrera eramateko erraztasuna eta laguntza eman duten Zarauzko Udala, Zarauzko Kirol Patronatua, Turismo Bulegoa, Gaztelekua, Udaltzaingoa, Ertzaintza, Pagoetako Parkea, Aiako Udala, DYA, ibilaldiak zeharkatu dituen inguruetako baserritarrak, publizitatearen truke laguntza eman dutenak, eta nola ez, honelako ekitaldi bat antolatu eta aurrera eraman ahal izateko ezinbestekoa den eta musu truk bere hondar aletxoa ipini duen “ bolondres “ talde zabala, zeren eta talde horren laguntzarik ezean ezinezkoa izango litzateke honelako ekitaldi bat aurrera eramatea.
Azkenik, eskerrak eman nahi dizkie ibilaldietan partaide izan diren guztiei, orokorrean behintzat jokabide oso arduratsua erakutsi dutelako eta ingurunearekiko jarrera ona izan dutelako.
Aurtengoa igaro da, eta agian, hemendik bi urtera V. Ekitaldia antolatuko da. Denborak esango du.
Eskerrak denei, eta jarraitu naturaz eta mendiaz gozatzen."