Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hamalau kuadro, arkatzez eginak, zuri-beltzean; eta gizakia, bere ohiko gauzetan: kafea hartzen, paseoan, itsasoari begira... Une jakin batean hartutako irudiak dira. Horixe da Julian Ruiz artista azkoitiarraren azken erakusketa: Uneak.
Azpeitiko Betharram aretoan daude ikusgai haren azken lanak, maiatzaren 11ra bitartean. Erakusketaren bidez, orain artekoa alboan utzi du artistak, eta teknika eta motibo berrietara jo du; arkatz eta pertsonengana. Koloreekin egin izan du lan Ruizek. Batez ere akuarelaz eta oleoz margotu izan du; «oso gutxi landu izan dut arkatza». Zuri-beltzean lan egiteko gogoa zuela eta, teknika horretara jo du azkoitiarrak bere azken erakusketa osatzeko; «ez da oso ohikoa lapitzarekin lan egitea, beharbada ez direlako saltzeko errazak, edo artistak ez direlako horretan aritzen».
Pertsonengana ere jo du oraingoan Ruizek; «ez nuen natura hilak lantzerik nahi. Kaleak, ateak eta halako leku estatikoak margotzea baino, bizia zutenak jorratu nahi nituen». Horregatik, gizakia guztiaren ardatzean jarri du; «publikoari gehiago eragiten diote halako irudiek». Pertsonak dira protagonistak, baina hiriko motiboak landu ditu; Azkoitian, Madrilen, Bartzelonan, Donostian, nahiz Tunizian atera ditu argazkiak, eta bilduma horietatik abiatuta marraztu ditu gero. «Pertsonen egunerokotasuna islatu nahi izan dut. Horiek dira momentuak. Gauden lekuan gaudela ere, guztiok gauza berdinak egiten ditugu». Azkoitikoak, esaterako, lau kuadro inguru dira, eta panderoa eta dultzaina jotzen agertzen dira.
Jauzi bikoitza eman du beraz, margolariak, bere ohiko arte surrealistatik aldendu baita oraingoan; «aspertu egin naiz surrealismoarekin, besteak beste asko exijitzen duen teknika delako. Aldatzeko gogoa nuen, eta teknika hau errazagoa egin zait; lehenengo argazkia ateratzen dut, gogokoena aukeratzen dut, eta marrazten hasten naiz. Beraz, errazagoa da. Surrealismoarekin, berriz, irudiaren zergatia pentsatu eta hori plasmatu behar nuen».
Dena den, arkatzez margotzea prozesu luzea izan dela azpimarratu du: «Lan asko eskatzen du arkatzarekin aritzeak. Margotzea baino neketsuagoa da, eta prozesua makalagoa da». Kuadroak eskuartean, eta erakusketa zabalik, erantzunarekin pozik dago artista; «horrela izan ez balitz, ez nukeen erakusketa zabalduko», dio. «Irudien kalitatea baino, landu ditudan motiboekin oso gustura geratu naiz. Kalera irten eta argazkiak ateratzen aritzea, ordenagailuan lantzea eta horiek marraz-
tea gustatzen zait».
Ostiraletik zabalik
Azpeitian ez ezik, inguruko hainbat herritan ere egin izan ditu erakusketak, baina lehiaketetara gehiago jo izan du. «Ez naiz asko mugitzen. Gaur egun, artistak berak jo behar du atea, eta guztiek ez dute halako malgutasunik». Joan zen ostiralean zabaldu zuen Uneak erakusketa Azpeitiko Betharram aretoan, eta maiatzaren 11ra bitartean daude lanak ikusgai; astegunetan, 18:00etatik 20:00etara zabalduko dituzte erakusketako ateak, eta asteburu eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara artean. Azpeitiko Udalak, bestetik, herritarrei gogoratu die Betharram aretoko ateak zabalik dituztela erakusketak antolatzeko. Horretarako interesa dutenek Kultura Sailarekin harremanetan jarri behar dute 943-15 70 68 telefonora deituz.