Auzozain irudia sortuko dute Zarautzen, auzoetako bizikidetza zaintzeko

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko apirilaren 29a

Zarauzko udaltzainak lanean (Amaia Ventas/ Hitza) Zarautzen auzozain figura sortuko du udalak. Horren helburua udaltzainek auzotarren eta auzoetako arazoak eta horien errealitate soziala «uneoro eta bertatik bertara» ezagutzea da, gertakizun baten aurrean erantzun «azkar eta eraginkorragoa» emate aldera. Ehuntzen planean aurkeztu zuen iaz Zarauzko Udalak egitasmo hori, eta uda baino lehen abiatuko dutela jakinarazi du Herritarren Segurtasuneko eta Herri Babesako zinegotzi Jabier Etxaburuk. Udaltzainek Ertzaintzarekin koordinatuta egingo dute lan auzozain moduan. Horrek hainbat arazori erantzungo dio, Etxabururen arabera: «Azkenaldian elkarbizitza arazoak areagotu egin direla ikusi dugu. Tabernen inguruan bizi diren herritarren kexuak jaso ditugu, gune horietan zarata sortu eta terrazen eta ordutegien ordenantzak betetzen ez direlako». Ildo horretatik, elkarbizitza kontzientzia izan behar dela adierazi du: «Jende askok gozatu ohi du aisialdiaz, baina kontuan izan behar da gune horietan herritar asko bizi dela, Barren Plazan eta hondartza aldeko taberna inguruan, kasu. Festarako eskubidea auzotarren atsedenaldirako eskubidea urratzen denean bukatzen da». Udaltzainen egitekoa jabeek tabernetako ordutegiak errespeta ditzaten lortzea dela gogoratu du Herritarren Segurtasuneko zinegotziak, gune horietan elkarbizitza bermatzeko. 2014an zehar herritarren arteko bizikidetza indartzea izango da udaltzainen erronketako bat, informazioa helaraziz, prebentzioa sustatuz eta ordenantzak betetzen diren kontrolatuz. Horri lotuta, Zona bezala ezagutzen den gunean zaintza berezia egingo dute. Laguntza bikoiztu Zarauzko Udaltzaingoak 2013ko memoria aurkeztu berri du udaleko hainbat batzordetan, eta urte osoan zehar egindako askotariko jarduerak jakinarazi ditu. Haiek arduratzen dira, besteak beste, akten jarraipena egiteaz, hainbat dokumentu tramitatzeaz, eraikin publikoak ireki eta ixteaz, legez kanpoko salmentak kontrolatzeaz, elbarrituentzako aparkalekuak modu egokian erabiltzen diren gainbegiratzeaz, zakurren eta animalien inguruko ordenantzak betetzen diren ziurtatzeaz, istripuak eta errepideak kontrolatzeaz, isunez eta salaketez eta garabi zerbitzuaz. Hala, udaltzainen lana balorean jarri du Etxaburuk: «Askotan ez da baloratzen udaltzainek egiten duten lana, baina agente gutxi izanda ere hainbat alorren ardura dute». Udaltzainek zerbitzua «eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan» eskaintzen dutela adierazi du. Hori iazko itsasaldietan ikusi ahal izan dela esan du: «Iaz eguraldi txarreko egunetan abiatu beharreko protokoloan aldaketa nabarmenak egin genituen, uholdeek eta olatu handiek eragindako kalteei aurre egiteko. Horretan oinarrituta, beste hainbat eragilerekin koordinatuta egiten dute lan, besteak beste, Babes Zibilarekin, DYArekin, Gurutze Gorriarekin eta Ertzaintzarekin». Halaber, Udaltzaingoak iaztik indartu egin du laguntza mugikortasun mugatua eta gaixotasunak dituzten herritarrentzat nahiz uholdeak izan diren kasuetan. Hain zuzen, bikoiztu egin du zerbitzu hori. Era berean, iaz bizikleten lapurretak ere murriztu egin zirela ohartarazi du Herritarren Segurtasuneko zinegotziak: «Prebentzioan indar berezia egin zuen iaz Udaltzaingoak, eta horri esker lapurretak murriztu egin ziren. 274tik 178ra jaitsi da kopurua urtebetean, eta horietatik 84 berreskuratu zituzten iaz».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide