Hondakinak biltzeko sistema mistoa arbuiatu dute ehunka azkoitiarrek

Ane Olaizola 2014ko apirilaren 29a

Sistema mistoaren kontra joan den ostiralean Azkoitian egindako elkarretaratzea (Ane Olaizola /Hitza) Azkoitiko atez atekoa EZ Bosgarren edukiontzia BAI plataformak deituta, ehunka herritarrek elkarretaratzea egin zuten ostiralean, hondakinak biltzeko sistema mistoaren aurka daudela adierazteko. Ordu laurdenez elkarretaratze isila egin ondoren, plataformako arduradunek hartu zuten hitza, eta herrian sistema hori ez dutela nahi berretsi zuten, hura martxan jartzean errefusa atez ate jasoko dutelako. «Zintzilikario hauek zikinak, osasunaren aurkakoak, garestiagoak eta gaixotasunak izateko foko garbiak dira», salatu zuten. Azkoitiko Hondakinen Mahaiak gehiengoz onartu du sistema mistoa jartzea, Bildu, Azkoitia Bai eta Zero Zaborren aldeko botoekin. Udarako indarrean jartzeko asmoa dute, eta egungo birziklatze tasa %34tik %70era handitzea da asmoa; horretarako, errefusa, hau da, birziklatu ezin daitekeen hondakina, atez ate jasoko dute, astean behin. Gainontzeko hondakinak, berriz, orain arte bezala bilduko dituzte, edukiontziekin, eta organikoarenak txipa izango du. Udala hurrengo hileko plenoan da sistema onartzekoa, eta atez atekoaren aurkako taldeak idatzi bat aurkeztu du, sistema mistoa ez ezartzeko eskatuz. Urrategi Alberdi alkateari eskatu diote euren eskaerak kontuan hartu ditzala. «Eskatzen diogu herritarren gehiengoak nahi duenari kasu egitea, eta bere garaian jasotako sinadurez ez badira fidatzen, urgentziaz herri galdeketa bat egin dezala eskatzen diogu. Horrela jakingo dugu benetan herri honek zer nahi duen». Hain zuzen, Alberdi bera mobilizazioaren lekuan izan zen ostiralean, eta taldeari adierazi zion eurekin elkartzeko eta «hitz egiteko prest» zegoela. Gero, komunikabideei honakoa adierazi zien: «Etorkizunean pentsatu behar da, pauso txikiak emanez». Pausoak, erabakitzeko Plataformak aurrez etxez etxe egin zuen elkarretaratzearen deialdia, eta banatutako eskuorrietan iragarri zuten elkarretaratze masibo bat egiteko asmoa zutela, udalak hartutako erabakia «inposizioa» delakoan. Era berean, sistema «osasunaren aurkakoa» dela azpimarratu zuten beste behin, eskuorriak arratoi eta zabor poltsekin ilustratuz. Plataformak atez atekoaren aurkako 3.547 sinadura bildu zituela gogoratu zuen, eta horien arabera, sistema adosterakoan ez dute «jaramonik egin» arduradunek. Era berean, Bilduri eta Azkoitia Bairi galdegin diote zer interes dituzten sistema hori jartzeko: «Inguruko herriek, besteak beste Azpeitiak, Zestoak, Zumaiak, Zarautzek, Elgoibarrek, Soraluzek, Eibarrek, Elgetak, Arrasatek, Urretxuk, Zumarragak, Tolosak eta Ormaiztegik erabaki dute atez atekoa ez jartzea, kasu askotan Bilduk gehiengo osoa izan arren». Plataformako kideek ohartarazi dutenez, «datozen egunetan hartzen diren erabakien arabera, emango ditugun pausoak aztertuko ditugu». Datorren hilean dira egitekoa hurrengo adierazpen ofiziala. Dena den, «gustura» azaldu dira ostiraleko mobilizazioak izan zuen erantzunarekin. Hondakinen mahaiko kide Bildu, Azkoitia Bai eta Zero Zabor taldeek eta hainbat norbanakok apirilaren 3an jakinarazi zuten sistema mistoa ezarriko dutela Azkoitian. Aldaketaren aurrean, lasaitasun mezua helarazi zuen orduan udalak, eta beharrezko baliabide guztiak jarriko dituztela agindu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide