Maria Luisa Unanue Zubimendi: "Kale honetako San Telmoren irudia antxoa artean jaso zuten arrantzaleek"

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko apirilaren 29a

Maria Luisa Unanue (Aritz Mutiozabal /Hitza) Maria Luisa Unanue Zubimendi (Zumaia, 1948) San Telmo kaleko etxebizitza batean jaio eta bertan bizi da ordutik. San Telmo Egunean prozesioa bertatik pasatzen denerako hamaiketako ederra prestatzen du alabek lagunduta, eta bertaratu nahi duten guztientzat etxeko atea eta sukaldeko leihoa irekita izaten ditu. Aspalditik etortzen al dira zumaiarrak zure etxera San Telmo Egunean mokadutxoa jatera? Bai. Ni umea nintzenean etxean familia giroko hamaiketakoa egiten genuen, baina goiko bizilagunaren etxeak taberna bat ematen zuen San Telmo Egunean. Orain hemen egiten duguna, garai hartan bizilagunarenean egiten zen. Ohitura zaharra da. Nola moldatzen zarete hamaiketakoa prestatzeko? Nik salda prestatzen dut eta gainontzekoa alabek prestatzen dute. Aspaldi hartu zidaten erreleboa, eta ederki egiten dute gainera. Ni bizi naizen bitartean San Telmo Eguna modu horretan ospatzen jarraitzea da nire nahia. Jendetzak parte hartzen du San Telmo jaietako prozesioan. Toki aproposa duzue zuek. Bai, egun polita izaten da, baina lehen San Telmo Eguna ez zen orain bezalakoa. Gure kalean bakarrik ospatzen genuen, herriko jaiak sanpedroak baitziren. Guretzat berezia da San Telmo Eguna. Etxe aurrean ere San Telmoren irudia dugu. Antxoatara atera ziren arrantzaleak, eta sarea jasotzen ari zirela, asko pisatzen zuela antzeman zuten. Sarea jaso zutenean San Telmo txikia topatu zuten antxoa artean, eta San Telmo kalean jarri zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide