Zarauzko Sortaldea kudeatzeko lehiaketa abiatu dute

Urola Kostako Hitza 2014ko apirilaren 28a

Tako Zarautz erakusketa Sortaldean, iazko udan. Leire Ventas Udan Sortaldea kultur eremua kudeatzeko lehiaketa jarri du martxan Zarauzko Udaleko Kultura sailak. Azken bi urtetan Garoa liburu dendako arduradunek kudeatu izan dute gune hori, baina aurten ez dira aurkeztu lehiketara. Interesa dutenek gune hori erabili eta ustiatu ahal izateko proposamenak egin beharko dituzte, irabazi asmoa duten jarduera kulturalak eta erakusketak antolatu eta kulturarekin zerikusia duten produktuak saltzeko bertan. Kultur ekimenekin eta produktuekin lotutako autofinantziazio proposamenak izango dituzte kontuan zerbitzua esleitzerakoan. Maiatzaren 23ra bitartean aurkez daitezke proposamenak. Ekainaren 15etik irailaren 15era kudeatuko du  lehiaketako irabazleak malekoiko kultur gune hori. Horrek eta Zarauzko Udalak hala adostuz gero, kontratuta urtebetez luzatzeko aukera izango da, lokala 2015eko udarako ere esleituz. Sortaldea lan egunetan 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara zabaldu beharko da, jai bezperatan 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara eta jai egunetan 10:00etatik 21:00etara. Horrez gain, hainbat zerbitzu eman beharko du, doan. Ildo horretatik, Liburu irekiak liburuak doan mailegatu beharko ditu 12:00-14:00 eta 17:00-20:00 bitartean. Erakusketa aretoa, berriz, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara zabalduko du. Halaber, lokalean kultur jarduerak egiteko prestutasuna izan beharko du udalak hala eskatzen duenean. Eguraldi txarra eginda ere, egunero eskaini beharko ditu zerbitzu horiek. Sortaldearen kudeaketa esleitzen dutenean adostuko ditu irabazleak Kultura sailarekin kultur jardueren egutegia, zerbitzuen ordutegia eta gainerako xehetasunak. Irabazleak 1.000 euro jarri beharko ditu berme gisa, eta uda amaitzean itzuliko dizkiote inolako kalte edota gorabeherarik ez bada izan gunean. Informazio zabalagoa eskuratu nahi dutenek Sortaldearen bloga bisita dezake.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide