Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Iazko datuekin alderatuta, igo egin da Zarauzko herri autobusaren erabiltzaile kopurua 2014ean. Aurtengo otsailean %19,65 erabiltzaile gehiago izan ditu zerbitzu horrek. 2013ko otsailean 11.886 lagunek bidaitu zuten herri barruko autobusean eta aurten, hilabete berean 14.222 pertsonek. Martxoko datuei dagokionez, aurten %10,57 bidaiari gehiago—iaz 13.013 erabiltzaile izan ziren eta aurten 14.389— izan dira.
Mikel Goenaga Mugikortasun zinegotziak azaldu du igoera horren arrazoia. Haren arabera, zerbitzuaren hobekuntzak eta herribusa integrazio tarifarioan sartu izanak ekarri dute igoera. "Honek argi uzten du zerbitzuan hobekuntzak norabide egokian egin direla". Hobekuntzen artean, autobus berriak aipatu ditu Goenagak. Egun hiru ibilgailu berri ditu udalak, bi eguneroko erabilerarako eta bat ordezkapenetarako. Horiek "segurtasun eta baldintza tekniko guztiak” betetzen dituzte, eta 73 pertsonentzako edukiera dute. Hamalau pertsonek bidaiatu ahal dute eserita, eta gutxi gorabehera 59 batek, zutik. Ibilgailu berriez gain, ibilbidea aldatu eta maiztasuna handitu—goizean goizetik gauera arte eta eguerdian etenik gabe eskaintzen dute urte hasieratik zerbitzua — izanak ere izan dute eragina erabiltzaile kopuruaren igoeran. Horrez gain, eskaerapeko zerbitzua ere jarri dela gogoratu du zinegotziak, Asti, Hiruerreketa, Azken Portu goian eta Talaimendin, hain zuzen.
Halaber, herri autobusean Mugi txartela erabiltzeko aukera izateak erabiltzaile gehiago erakarri ditu Goenagaren ustez. "Mugi txartela
ezartzearekin batera, integrazio tarifarioan sartu ginen urtarrilean. Txartel honek dituen abantailei esker, garraio publikoa herri barruan bakarrik ez, herri arteko lineetan ere gehiago erabiliko da, dituen deskontuak direla eta". Hain zuzen, Zarautzen ez ezik, Gipuzkoako ia garraiobide guztietan—Renfe enpresakoetan izan ezik— erabili ahal da hori, guztiek tarifazio sistema bera dutelako.
Abantailei dagokionez, txartelaren prezioa murriztu egingo da Mugi txartela erabiliz. Eskura ordainduz gero bidaia arruntak 1,1 euro balio du, eta txartel hori erabiliz gero, 61 zentimo ordaintzen dira. Gazteek, ezinduek zein adinekoek, gainera, deskontuak dituzte. Txartela zenbat eta gehiago erabiliz, orduan eta beherapen gehiago eskuratu ahalko da, bestalde.
Hobetzen jarraitzeko konpromisoa
Datuak onak diren arren, zerbitzua hobetzen jarraitzeko konpromisoa azaldu du Mugikortasun zinegotziak: "Udari begira, beste aldaketa batzuk egin nahi ditugu, zerbitzua hobetu eta puntualtasuna areagotzeko".