Kanpinaren egokitzapena ikusteko aukera izango dute bihar herritarrek

Karkara.eus 2014ko apirilaren 25a

Aste Santuetan Bungalow guztiak bete dira eta gainontzeko espazioaren %75 okupatu da

Orioko kanpinak harreman estua izan du urte luzeetan Orioko herriarekin. Hasiera batean herritik banandua geratu arren, pixkanaka-pixkanaka herrira gerturatzen baita...

Aste Santuetan Bungalow guztiak bete dira eta gainontzeko espazioaren %75 okupatu da
Orioko kanpinak harreman estua izan du urte luzeetan Orioko herriarekin. Hasiera batean herritik banandua geratu arren, pixkanaka-pixkanaka herrira gerturatzen baita. Kanpinak asko eman dio herriari: batetik, izaera eta identitatea. Bestetik, lanpostuak; eta azkenik, diru-sarrerak. Hortaz, kanpinaren aldeko apustu garbia egiteko beharra ikusi dute: biziberritzeko apustua, hain zuzen ere.
 
2011. urtean hasi zen kanpinaren erreforma. Handitu ez, baina kanpina biziberritu eta egonkortzen zen asmoa, azaldu du Jon Agirresarobek. Idoia San Sebastian Orioko Kanpineko Zuzendariak berritze planak bost fase izan dituela gaineratu du. 
  • 1 fasea: azpiegiturak berritu
  • 2 fasea: bezero finkoen lekualdatzea
  • 3 fasea: bungalowak jartzea
  • 4 fasea: taberna eta supermerkatua
  • 5 fasea harrerako moldaketak
Miriam Urangak azaldu du azken fasea falta dela egiteke, kanpoko itxitura moldatzea. Izan ere, gaur egun kanpinaren erakuslehio dena aintzinako atzekaldea da. Hori, jatetxe batean azpizuna plastikozko paperean zerbitzatzearekin alderatu du, eta azkenengo fase hau burutzeko beharra azaldu du. Bapore baten itxura eman nahi die kanpinari, eta espaloia zabaldu. 


Kanpinaren eboluzioa

Kanpinaren lehen aipamenak 1961. urtekoak dira. Orduan, eta 1980. urtera bitarte, Donostiako Garoa enpresak kudeatu zuen Oriok kanpina, lurrak Udalarenak izan arren. 1981ean etorri zen aldaketa, Kanpinaren historiaren garapenean urterik garrantzitsuenean. Izan ere, Udalak hartu zuen bere gain kanpinaren kudeaketa eta, horrez gain, handitze, berritze eta egokitzapen lanak egin zituen.
 
Aldaketa handiak jasan ditu Orioko kanpinak, eta urte hauetan guztietan jende asko pasa da bertatik. Kanpinak urteetan erantzun ona izan duen arren, Jon Agirresarobek XXI. mendearen atarian proiektua zalantzan egon zela azaldu du. Lehen murrizketak 1997an etorri zirela gaineratu du, hondartzako malekoiaren obra medio. Sei urteren buruan 182 partzela gutxiago izatera pasa zen; 2003an 178 partzela zituen kanpinak. 
 
2011. urtean hasi zen kanpinaren erreforma, azpiegiturak berrituz. Gero, bezero finkoak lekuz aldatu zituzten, Bungalowentzako espazio edukitzeko. Lekua egin zutenean, Bungalowak jarri zituzten; guztira, 34. 6 logela batekoak, 22 bi logelatakoak, 4 hiru logelatakoak eta bi egokituak. 
 
Taberna, supermerkatua eta harrera ere aldatu egin dira. Aldaketa guzti hauek itxura berri bat eskatzen zuela azaldu du zuzendariak, hortaz, irudi berria egin dute. Logo, seinaletika eta web orrialde berria dauzka, orain, kanpinak. 
 
Etorkizunera begira duten erronka zerbitzua etengabe hobetzea izango dela azaldu du Urangak. Inbertsioak merezi duela eta hori kanpinak duen harreran nabaritzen dela gaineratu du. Aste Santuetan, esaterako, Bungalow guztiak okupatu dira eta gainontzeko espazioaren %75a ere bete egin da. Orioko Kanpinak urte luzeetako ibilbidea egin duen arren, ibilbide luzea dauka oraindik egiteke. Datuek hala diote.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide