San Pedro Txiki eta Txikienak abesbatzako kide ohiek kantu kalejira antolatu dute ostiral arratsalderako, santelmoak kantuan hasteko ohiturari eusteko gogoarekin. “Geni Dovalekin ohitura zen beti jaialdia antolatzea santelmoei hasiera emateko, eta horri eutsi nahi diogu, beste modu batera; gainera, duela bi urteko omenaldian oso gustura kantatu genuen eta horrek animatu gaitu kalejira hau antolatzera”, azaldu digu Lorea Zabaletak. Geni Dovalen heriotzarekin abesbatza bertan behera gelditu zen, baina abesbatzako kide ohiei ez zaie kanturako gogoa itzali eta santelmoak aprobetxatu nahi izan dituzte berriro elkartu eta kantuan egiteko. “Genik abesbatza zuzendu zuen bitartean urtero antolatu nahi izaten zuen jaialdi bat santelmoei hasiera emateko. Duela bi urtekoa oso berezia izan zen. Omenaldia egin zitzaien Geniri eta Piliri, eta abesbatzan ibilitako denak bildu ginen, gurasoak ere bai, kantuan oso gustura ibili ginen, gozatu egin genuen”. Su hori bizirik mantendu da hainbat kiderengan, eta aurten berriro biltzeko premia sentitu dute. “Deialdia egin genuen, santelmoetan berriro bildu eta kantuan egiteko. Jaialdia egin beharrean, kantu kalejira egitea pentsatu genuen”. Horrela, 35 lagunek erantzun zioten deiari, eta hiru hilabetez entsaiatu dute, astean bizpahiru egunez. “Azken boladan ibilitako gaztetxoak eta lehenago ibili ginenak bildu gara. Gure betiko kantak abestuko ditugu, gehienak ahots hutsez; kanta bat gitarrarekin lagunduko dugu eta [...]