Irakurri, gozatu eta oparitu; irakurzaletasuna hiru pausotan lantzen duen ekimena.

Karkara.eus 2014ko apirilaren 24a

Karkarako laguntzaileek %50 beherapena izango dute euskarazko liburua erosterakoan

Liburuaren Nazioarteko Eguna da gaurkoa, irakurzaletasuna bultzatzea helburu duen kanpaina martxan jartzeko egun aproposa. Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoaren zo...

Karkarako laguntzaileek %50 beherapena izango dute euskarazko liburua erosterakoan

Liburuaren Nazioarteko Eguna da gaurkoa, irakurzaletasuna bultzatzea helburu duen kanpaina martxan jartzeko egun aproposa. Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoaren zortzigarren edizioa abiatuko da gaur tokiko euskara elkarteen, Udal Liburutegien eta Udalen elkarlanari esker.

Urtetik urtera herri gehiago batzen dira ekimenera, eta aurten iaz baino 18 udalerri gehiagotan egingo da. Guztira, 42. Gaur hasi eta ekainaren 30era arte luzatuko da, hortaz, bi hilabeteko iraupena izango du egitasmoak. Herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, irakurtzearen alde atsegin eta gozagarria aipatuz. Kanpainaren izenak dioen bezala hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko: Irakurri, gozatu eta oparitu.

Irakurri

Lehen pausoa da hau, irakurtzea. Herriko liburutegi publikora joan eta euskarazko edozein liburu maileguan eskuratu ahal izango da.

Gozatu

Liburua eskuratutakoan, gozamenerako tartea izango duzu, irakurtzekoa. Amaitzean, liburutegira itzuli eta fitxa bat bete beharko da. Bertan, irakurritako liburua zein den eta iritzia ipini beharko da. Fitxa beteta liburuzainak erosketa-txekea emango du, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.

Oparitu

Liburu bat oparitu lagunari, senideari ala norbere buruari. Eta gozatu berriz ere irakurtzen.

Liburutegian jasotako txartelarekin euskarazko beste edozein libururen prezioaren %25 gutxiago ordaintzeko aukera izango da. Karkarako laguntzaileek, ordea, euskara elkarteari laguntza emateagatik saria izango dute eta %50 beherapena edukiko dute erosketan. Hortaz, laguntzaile ez direnek %25 beherapena izango dute euskarazko liburuak erosterakoan eta Karkarako laguntzaileek %50 beherapena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide