Iturzaeta eta Mujika herritik ezagutzen ziren, txikitatik. Gaztetan Zarauzko futbol taldean egin zuten topo hamabi urte zituztela, eta ordutik, beraien harremana sendotuz joan da. Mujikari Orioko nesken taldean entrenatzeko eskatu ziotenean, ez zuen dudarik egin eta Iturzaetari eskatu zion laguntza.
Bizitza osoa elkarrekin futbolean, eta orain, elkarrekin entrenatzaile.
Mujika: Hamabi urterekin hasi ginen Zarauzko taldean. Nik zazpi urtez jokatu nuen eta Garazik lehengo urtean utzi zuen futbola. Orduan, Orioko nesken taldea entrenatzeko eskatu zidaten. Ez nintzen bakarrik entrenatzeko gai ikusten eta Garaziri eskatu nion laguntza; eta berak, onartu egin zuen.
Elkarrekin gustura aritzen zareten seinale
Iturzaeta: Urte asko daramatzagu elkarrekin eta ondo ezagutzen gara. Hitz egin gabe badakigu bestea umoreko dagoen ala ez; elkar ulertzen gara, eta horrek asko laguntzen digu entrenatzerako garaian. Bata haserre badago, bestea lasai mantentzen da, eta alderantziz. Bion artean oreka aurkitzen dugu.
I:Nabari da haurrek guk transmititu nahi genien mezua jaso dutela. Gure ustetan irabaztearen gainetik parte hartzea dago, eta guk hori erakutsi nahi genien. Talde kirola dela, eta talde moduan funtzionatu behar dutela.
M:Eta igartzen da ikasi dutela, elkarri laguntzen baitiote. Bata berotzen bada, besteak lasaitu egiten du; bata tristatu ezkero besteak animatzen du.
I:Guretzat talde batean ezinbestekoak dira inplikazioa, parte hartzea eta errespetua.
M: Hori da, egun txarra izan ezkero eta entrenatzeko gogorik ez badaukazu, ez etorri. Bestela, taldearen kalterako da. Hobe da gogoz etortzea petralduta etortzea baino.
I: Eta ahalegintzen gara guztiek euren tokia izan dezaten. Irabaztea ongi dago, eta guztiok nahi dugu, baina hori baina garrantzitsuagoa da taldearen parte sentitzea. Ahalegintzen gara, hortaz, guztiek jolas dezaten eta guztiek ikasi dezaten. Talde bat bezala funtzionatzen dugu eta hori jokoan ikusten da.
Jokoan eta emaitzetan?
I: Emaitza txarrak ere lortu ditugu, baina galtzen ikasi dugu eta hori garrantzitsua da oso. Halaber, joko aldetik asko hobetu dugu eta hori igartzen da emaitzetan. Kopa jokatzen ari gara orain, bi jardunaldi bakarrik falta zaizkigu. Bi garaipen, berdinketa bat eta hiru partidu galdu ditugu. Azkena 2-2 berdindu genuen kopan Zarautzen aurka. Bestalde, maiatzaren 1ean Azpeitian jokatuko den txapelketan ere hartuko dugu parte.
Aurretik, jokalari gisa bizitakoak eragina izan du entrenatzerako garaian?
M: Hori zen gure asmoa hasiera hasieratik. Jada martxan zegoen talde batean sartu ginen, eta ez da erraza balore horiek transmititzea, ez baikara ezerezetik hasi. Ohitura eta molde batzuk aldatzea ezta lan makala, baina horretan jardun gara eta lortu dugu.
I: Jokalari bezala futbolaz asko gozatu dugu, baina azkenaldian min asko jasandakoak ginen eta horregatik utzi genuen futbola. Bestalde, diskriminazioa jasan dugu: mutilak bete aldarean eta gu beti borrokan gauza txiki bat lortu arte.
Handia da sexuen arteko desberdintasuna?
I: Emakumezkoak gizonezkoak egiten duten esfortzu berdina eginagatik, emakumea ez da iritsiko profesional izatera eta gizonezkoa, aldiz, bai. Maila berean egon arren, izugarrizko aldea dago. Kanpoan jolasten dutenean, asteburua etxetik kanpo pasa eta bueltatzea, ia lorik egin gabe, emakumeak lanera edo eskolara joan behar du. Gizonezkoak, ordea, hortik bizi dira. Baldintzak oso ezberdinak dira.
Guk, esaterako, belar naturalean jokatzeko maila eman genuen. Entrenatzaileak borrokatu zuelako lortu genuen belar naturalen ibiltzea ordutegi apropos batean. Ez badugu borrokatzen berehala zapaltzen gaituzte. Mutilek, aldiz, ez dute esfortzurik egin behar hori lortzeko.
Berdintasunera oraindik urrun ikusten duzue, hortaz?
I: Antolakuntza aldetik pausoak eman dira berdintasunari begira, baina baloratzeko garaian ez da pausorik eman. Ez dira berdin baloratzen emakumezkoa eta gizonezkoa. Aurrera pausoak eman diren arren, alor askotan atzetik gaude oraindik, itzalean, eta hori landu egin behar da; zulo asko daude oraindik tapatzeke.