Kalean da apirileko Baleike aldizkaria. Santelmoei begira jarri gara eta haurren danborradari eskaini diogu erreportaje nagusia. Izan ere, aurtengoa 25. aldia izango du, eta ospakizunak egingo dituzte. Aurreko danborradetako argazki zaharrak bildu eta erakusketa antolatu dute (apirilaren 16tik maiatzaren 4ra, Alondegian), eta danborradarako ere saio berezia ari dira prestatzen. Aldizkarian aurkituko dituzue Jakintza Kultur Elkarteko kideen azalpenak, zuzendari izandako Agustin Zubimendi eta Isaak Aranberriren oroitzapenak, argazki zaharrak… Horrez gain, Joxe Etxeberria Zumaiako apaiz ohiak elkarrizketa mamitsua eskaini digu. Joxe erretiroa hartuta dago gaur egun eta Donostian bizi da, baina bihotzean gordea darama Zumaia. Elizaz, politikaz eta gizarteaz daukan iritzi propioa eman du, aho bizarrik gabe. Bestalde, Telmo Trenado magoari egindako elkarrizketa ere aurkituko duzue.