Pasai San Pedron 1929an jaioa, bere 85 urteetatik (apirilaren 13an beteko ditu) 40 Zumaian egin ditu Joxe Etxeberriak. Iazko San Pedro jaietan eman zion Zumaiako herriak agurra eta ordutik Donostian bizi da, Apezpikutzak duen etxe batean. Ez du, baina, Zumaia ahaztu. Bertan ditu lagunak, koadrila, eta noizean behin elkartzen dira bazkari baten inguruan. “Gustura egon naiz ni Zumaian, eta azkeneko urteak izan dira onenak”. Azken hogei urteotan behin baino gehiagotan saiatu da Baleike Joxe elkarrizketatzen. Beste hainbeste ezezko jaso ondoren, azkenean onartu du gure galderei erantzutea. Saiatzeak merezi izan du. Hemen elkarrizketak eman zuena: “Nik ez daukat inongo mezurik emateko!”, dio Baleikeko koadrila ikusi eta berehala. Artzai Onaren katedralaren atzealdeko eserleku batean eserita aurkitu dugu Joxe Etxeberria, egunero bisitatzen duen Koldo Mitxelena kultur zentroaren aurrean. Iazko ekainean Zumaia utzi zuenetik Donostiako Apezpikutzak katedralaren alboan duen eraikin batean bizi da beste hamar lagunekin batera. “Laugarren pisuan bizi naiz. Ikusten duzu leihoak irekita dituen hura? Ba, hantxe. Ni laugarrenean bizi naiz, ‘beste hori’ bigarrenean. Guk ez dugu hura ikusten. Gabonetan igo zen bisita egitera eta egun horretan ez nengoen”. “Beste hori” Jose Ignacio Munilla apezpikua da. Elkarrizketan zehar sarritan aipatuko du, baina inoiz ez bere izena. Fin-fin esateagatik, Don Josek (hala ezagutzen [...]