Zarauzko Munoako karpa goraino bete zen atzo iluntzean Imanol Urbieta omentzeko. Salbatore Mitxelena Ikastolako irakasle ohia ikastolak berak omendu zuen, eta ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoez gain herritar asko bertaratu zen. Omenaldia hasi aurretik ere hunkituta egon zen Kontxi Aizarna emaztearen ondoan, jende ugari hurbildu baitzen bera agurtzera.
Omenaldian dantzariak, abestiak, bertsoak, ideo bat... denetarik egon zen, baina beharbada saioko parte harrigarriena
1972 izeneko antzezlana izan zen. Bere ikasle ohiek eta semeetako batek egin zuten. 1972. urteko ikasgela bat irudikatu zuten, eta Urbieta irakasle zeneko pasarte bat antzeztu zuten. Bertaratu zirenen barre algarak eragin zituen antzerkiak.
Bideoan Urbietaren ibilbidea laburbildu zuten, eta hainbat testigantza bildu zituzten, tartean Andoni Egañarena eta Andu Lertxundirena.
Amaieran oroigarri bat jaso zuen, eta hitza hartu zuen Urbietak berak, eta omenaldiagatik eskerrak eman zituen. Familiaz eta bere zaintzaileaz inguraturik egon zen omenaldi osoan zehar.