"Zarauzko Alproja antzerki taldeak 36 urte daramatza irailaren 9an, Euskal Jai egunez, Zarauzko herria dantza, antzerki eta musikaz alaitzen. Tartean izan dira garai ederrak, baita ilunagoak ere, baina beti umorez eta kolorez apaintzea lortu dugu Munoa Plaza. Gure eskerrik beroenak urteotan oholtza gainean zein hari begira egon zareten guztioi", diote antzerki taldekoek. Aurten, ordea, tradizio bihurtu den hitzordua "kolokan" dagoela ohartarazi dute:" Taldearen egoera ez da samurra izan azken urteotan. Lehengo zuzendaritzak paso eman dio berriari, eta transmisiorako urte batzuren ondoren indarrez eta gogotsu ekin diogu hainbat gaztek lanari. Baina zoritxarrez, ez da antzerkia eskuartean dugun bakarra, eta urtetik urtera gehitzen doazen bestelako konpromisoen erruz, gero eta denbora gutxiago eskaini ahal izan diogu Euskal Jaietako obrari. Aurten, lehenengoz, ezinezkoa zaigu obra aurrera ateratzea, ditugun baliabide pertsonalekin".
Hori dela eta, herritarrei euren "hondar alea" jartzeko eskatu die: "Musikari, dantzari, antzezle eta bestelako artistak gonbidatu nahi ditugu gure taldera, denon artean urteroko tradizioari jarraipena eman eta Zarauztarrentzat obra polit bat osatzeko".
Interesa duten guztiekin bilera bat egingo dute, eta egoerari buelta emateko "talde indartsu bat" osatzen saiatuko dira.
Datorren asteazkenean, apirilak 16ean egingo dute bilkura, Etxezabalan 18:30ean. Bertaratu ezin baina parte hartzera prest dagoen edonork
alprojatailerra@gmail.com edo
bintxauspe@hotmail.com helbidera idatz dezake.