Zarauzko PSE-EE, Ezker Anitza eta EAJk salatu dute Bilduk ez dituela aurkeztu Nafarroa kalean egiten ari den biribilguneari dagozkion beharrezko txosten teknikoak, eta gauzak "gaizki, korrika eta presaka" egiten ari dela. Ezker Anitzako Mariana Aranburuk biribilgunea eta bi semaforo egiteak ez duela "zentzurik" nabarmendu du, eta proiektuan “irregulartasunak” daudela. EAJko Imanol Lasak Bilduk "iluntasunez" jokatu duela gaineratu du, eta ez diela informaziorik helarazi oposizioko alderdiei: "Lanak kontratatzeko modua ere halakoa izan da. Udalaren webgunean albo batean jarri zuten kontratatzailearen profila, ezkutuan eta bost eguneko epea eman zuten soilik proiektuak aurkezteko".
Hori legezkoa den arren, "itxurazkoa" ez dela salatu du: "Ez da horren inguruko parte hartze prozesurik egin, ez da eztabaidatu...Beste modu batera egin zitezkeen gauzak, gardentasunez eta presaka ibili gabe". Gogoratu du Juan Luis Illarramendi alkateari informe tekniko guztiak eskatu dizkiotela, eta "gardentasunez jokatu nahi badu" horiek mahai gainean jarri beharko lituzkela.
"Ingurumenari kaltea"
Bilduk biribilgunea egiteko 30 zuhaitz bota dituela salatu du PSE-EEko bozeramaile Patxi Elolak, eta horrek ingurugiroari "kalte handia" eragin diola. Horiek balore ekonomikoaz gain, balore historikoa ere badutela aitortu du, eta batez ere kendu berri duten 100 urteko palmondoak. Udal Gobernuak hirigintza txostenez gain, ingurumen txostenik ez duela egin adierazi du.