Mikel Goenaga zinegotziak adierazi duenez, Ezker Anitzarekin lortutako akordio baten emaitza da lantegi brigada. Horren helburua epe luzean langabezian egon diren herritarrak berriz ere lan munduan sartzeko pausoak ematen laguntzea da. Hala, bost zarauztarkontratatu ditu Zarauzko Udalak bost hilabeterako. Egun udalaren jabetzakoa den Ipar kaleko etxebizitza bat birgaitzen ari dira, udal brigadako ohiko langileekin batera. Behin etxea berrituta, gizarte larrialdietara bideratuko dute hori. Epe horretan lan esperientzia eta formakuntza jasoko dute kontratatutako bost langileek, eta horrek bost hilabeteren ostean berriz ere lan mundura sartzen lagunduko die.
Behin bost hilabete pasatakoan, egoera berean dauden beste bost herritar kontratatuko ditu udalak. Horretarako 65.000 euroko aurrekontua gorde du erakundeak.