Orioko Herri Ikastolak eta Orioko Udalak hitzarmen berria sinatuko dute. (Egilea: Aiora Larrañaga)
Atzo iluntzean Orioko udalbatzak ohiko udalbatzarra egin zuen eta hainbat proiektu abiatzeko egin beharreko kreditu aldaketak bozkatu zituzten batzarrean. Bi proiektuk eman zuten zeresana udal taldeen artean, ludotekak eta Benta bideko konponketak. Orioko Bildurentzat "lehentasuna eta erremediorik gabe" egin beharrekoa da Benta bidearen konponketa. "Guk altxortegia erabili gabe egitea proposatu dugu azken ogasun batzordean, baina ez dugu adostasunik lortu. Aurrezkiaren erabileraz kezkatuta zaudetenak zer duzue esateko?" galdegin zuten. Bozketa egin zuten eta Bildu eta Orain udal taldeen aldeko botoekin Benta bideko konpontzeko 210.000 euro erremanentetik hartzea erabaki zuten.
Ludotekaren proiektua izan zen udal taldeen artean eztabaida sortu zuen beste gaia. Ludotekarako 140.000 euroko partida onartu du udalbatzak EAJ eta Orain udal taldeen aldeko botoekin. Bildu ordea ez zen ados agertu. "Guk ez dugu proiektu honen alde egingo, proiektua zehaztu arte behintzat. Ludoteka deitzen denak zein zerbitzu eskainiko ditu eta zeinentzat? Zein adin tarte hartuko du? Zein behar ditu adin tarte bakoitzak? Osagarria izango al da gaur egun martxan dagoen Gaztelekuarekin?" galdetu zuen Jon Agirresarobek. EAJko bozeramaile Noemi Ostolazak ordea, galdera guzti horien erantzunak azken urtetan gazteriaren inguruan egin diren azterketetan jasota daudela azaldu zuen udalnbatzarrean. "Behin partida onartuta, eragileeekin lanean hasiko gara herriko gaztetxoen beharretatik abiatuta proiektua lantzeko" azaldu zuen Orain udal taldeko kide Miriam Urangak.
Bilduko zinegotzien iritziz ordea, krisi garaian lehentasunak markatu behar dira. "Ez da proiektua landu. Ez da herriko eragileekin aztertu. Beste behin gure herrian lehenengo eraikina egin eta ondoren zerbitzua erabakiko da". Bilduren filosofia zerbitzu berriak sortu beharrean, herriak dituenak txukun mantentzea dela azaldu zuten. "Bat egiten dugu udaleko idazkaritzaren txostenarekin, ez gaude zerbitzu berriak irekitzeko moduan. Nola emango zaio buelta urtero-urtero sortzen duen gastuari?" azaldu zuen Agirresarobek.
Ikastola eta Udalaren arteko hitzarmen berria
Orioko Herri Ikastolak eta Udalak hitzarmen berria sinatzea bozkatu zuten atzoko udalbatzarrean. Aurrera atera zen sei urterako hitzarmen berria Bildu eta Orain udal taldeen aldeko botoekin. Hezkuntza batzordeburu Jon Agirresarobek azaldu zuen aldaketarekin hitzarmenari berezko izaera eman nahi izan zaiola. "Aurreko legealdiaren amaieran sinatu ziren hitzarmenak herriko lau hezkuntza zentroekin. Hezkuntza jarduera osagarriak laguntzeko diru-laguntza forma eman zitzaien, baina ikastetxe bakoitzaren beharrak oso desberdinak dira eta ez da posible guztiek erredakzio bera izatea". Historikoki Orioko Udalak diruz lagundu du Eusko Jaurlaritzaren kontzertazioek kubritzen ez duten beharra. Galdera da ados al gaude? Gu bai".
Udalbatzarrean Bilduko zinegotziek azaldu zuten Orioko Udalak hezkuntza arloan zenbait gaitan eskumenik izan ez arren, ikastetxeei laguntzeko aukera egin duela. "Zaraguetari ere behar izan duenean ere eman diogu hitzarmenaz kanpoko laguntza; DBHko gelak egiten lagundu genuen eta DBHko garbitasuna hezkuntza sailaren ardura den arren ez du ordaintzen eta Orioko Udala da zati bat ordaintzen duena. Beraz, eskumena duenari, Eusko Jaurlaritzari behar den bezala lan egiteko eskatuko diogu".
EAJ bozketan abstenitu egin zen herriko ikastetxe guztiei trataera bera eman behar zaiola argudiatuta.
6 milioi euroak inkestako galdera
Eskari eta galderen atalean hainbat herritarrek EAJko zinegotziei azalpenak eskatu zizkieten Udal Gobernuak ustez xahutu dituen 6 milioiren inguruan. "Komunikabideetan EAJk behin eta berriz salatu du Udal Gobernuak 6 milioi euro xahutu dituela remanentetik. Hori horrela bada oriotarrok azalpenak merezi ditugula uste dut. Bildu eta Orain udal taldeak behin baino gehiagotan agertu dira herritarren aurrean aurrekontuen nondik norakoak azaltzera, dirua zertan gastatu den argi zehaztu dute beti. Beraz, EAJk Orioko Udalean sei milioi euro falta direla badaki, mesedez datuak azaltzea eskatuko nizueke" eskatu zuen herritar batek. EAJko zinegotziek erantzun zuten une horrretan datuak esku artean ez zituztela, baina nahi duenari diru xahuketa zein den azalduko diotela.
Ildo horretan, hainbat herritar "kezkatuta" agertu ziren azken egunetan telefonoz egiten ari diren inkesta baten inguruan. "Oso galdera arraroak egiten ari dira. Zer iruditzen zaizu Udal Gobernuak egin duen 6 milioi euroko xahuketa? Zer iruditzen zaizu Jon Redondo? Zer egin du gaizki egungo udal gobernuak? edota Zer egin du ondo aurreko udal gebernuak? moduko galderak egiten dituzte. Eta inkesta nork eskatu duen galdetuz gero, ez dute erantzunik ematen" azaldu zuen herritar batek. "Zuek duzue zer gertatzen ari den jakiteko boterea. Nork eskatu du inkesta hori eta zer helbururekin; herritarrok zer gertatzen ari den jakin behar dugu". Beste herritar batek udalbatzarrari adierazi zion ez dela "normala 6 milioi euroren gaia inkesta bateko galdera bihurtzea".
Orioko Udalak argi utzi nahi izan du ez duela zerikusirik inkestarekin.