1940. urtea baino lehen egindako eraikinek ikuskapen teknikoa egiteko kanpaina jarri du martxan Zarauzko Udalak

Urola Kostako Hitza 2014ko apirilaren 11

1901 eta 1940 arteko eraikinen jabeek 2014ko  abenduaren 31a arteko epea dute etxebizitza horien azterketa teknikoa egiteko. Gutun bat jasoko dute horiek ikuskapena egiteko epea gogoraraziz. 2012ko abenduan indarrean sartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko 241/2012 dekretuaren arabera, jabeen betebeharra da eraikinen ikuskapen teknikoak egitea. Dekretu honek bi taldetan banatzen zituen eraikinak. 1901. urtea baino lehen egindako eraikinak behartuta zeuden EIT azterketa 2013ko abenduaren 31 baino lehen egitera. "Badira ordea oraindik hala egin ez duten kasuak". Oraindik egin ez dutenek gehienez hiru hilabeteko epea izango dute horretarako. Udalak gutun bat bidaliko die horiei. 1901 eta 1940. urteen arteko eraikinek, berriz, 2014ko abenduaren 31 arte dute azterketa egiteko epea. EIT azterketa Zarauzko Udalaren bitartez tramitatu beharko da. EIT azterketa arkitekto batek edo arkiteko tekniko batek egin ohi du. Ikusitakoa txosten batean jaso behar da eta udaletxean aurkeztu. Ondoren, txosten horretan proposatutako esku-hartze eta obrak egin beharko dituzte etxe jabeek, lan bakoitzaren beharren arabera zehaztutako epeetan.  Azterketaren emaitzak etxebizitzan berrikuntza lanen bat egin behar dela adierazten badu, lan horiek egiteko diru laguntzak eskatu ahal izango dira Zarautz Lurren bitartez. Gainera, diru laguntza hori eskatzerakoan EIT azterketa egiteko gastuei aurre egiteko beste diru laguntza bat ere tramitatzeko aukera egongo da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide