Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azpeitiko Elkar-ekin taldeak eta Urrestillako Herri Batzordeak bigarren eskuko produktuen azoka antolatu dute asteburu honetarako. Bihar, larunbata, arratsaldean 18:00etatik 20:00etara eta igandean 11:30etik 13:30era izango da azoka. Materiala donazio bezala jasoko da aurreko egunetan Petraneko dendan, Urrestillan bertan, ondoren egun horietan prezio baxuetan saldu ahal izateko. Ateratzen den dirua antzeko proiektuak bultzatzeko erabiliko dela azaldu dute antolatzaileek.
Gizarte justuagoa helburu
Antolatzaileek azaldu dutenez, bigarren eskuko azoka hau antolatzeko arrazoiak argiak dira. Alde batetik, «Urola eskualdean bizi dugun egoera ekonomikoa eta soziala larria dela erakusten dute datuek. Urrestillan ere, inguruko herri eta auzoetan bezala, langabeziaren eta murrizketen eraginak gogor jo gaitu» diote. Horregatik, «justua eta solidarioa izango den gizarte bat helburu, beharrezkoa ikusten dugu beharrezko aldaketak egiten joatea, herriko ekonomiari bultzada ematea, eta horretarako bide eta egitasmo berriak bultzatzea», azaldu dute. Asteburu honetako bigarren eskuko produktuen salerosketa bultzatzeko azokaren bidez, egungo kontsumo eredua zalantzan jarri nahi dute , «gure buruari nola eta zertarako kontsumitzen dugun galdetuz». Bestetik, herritarrek behar ditzaketen produktuak eskuragarri jarri nahi dituzte «modu merke batean».