Azkoitiko herri barruko autobus zerbitzuaren araudia onartu dute, aho batez

Ane Olaizola 2014ko apirilaren 11

Herri barruko autobus zerbitzua jarriko dute martxan Azkoitian helburu argiekin: «Irisgarritasuna hobetzeko, oinarrizko zerbitzuak herritar guztien eskura jartzeko, autoen erabilera murrizteko eta adinduen autonomia bultzatzeko». Asmoarekin aurreratuta doaz, astezkeneko udalbatzarrean onartu zutelako zerbitzuaren araudia eta tasen ordenantza. Gutxienez urtebete iraungo du zerbitzuak, eta 98.000 euroko kostua izango du. Herriko auzoak lotuko ditu, eta hiru ibilbiderekin herrigunea Floreaga, San Martin, Altzibar eta Ipintza auzoak eta Txerloia lotuko dituzte. Gutxienez astelehenetik ostiralera izango da martxan, baina larunbat goizetan ibiltzea ere aurreikusi dute, azokagatik. Gainera, zerbitzua malgua izatea nahi du udalak, eta egun berezietan ibilbidea moldatzea aurreikusi du. Tasei dagokionez, bidaiako 20 zentimo ordainduko dute herritarrek, eta zortzi urte bitarteko umeek doan izango dute zerbitzua. Horrez gain, hamar bidaitarako bonoa jarriko dute eskuragarri. Udalak zerbitzua uztailerako martxan izateko asmoa du. Aho batez onartu dute zerbitzua, baina udaleko EAJk eskatu du erabiltzaile kopuruaren datuak eguneratu ditzatela aldiro, zerbitzua bera indartzeko informazioa eduki dezaten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide