Golfeko oinezkoen pasabideak izango duen itxura (Zarauzko Udala)
Maiatzean hasiko dira Zarauzko Golfaren parean oinezkoen pasabidea eraikitzen, eta udazkenerako amaituko dutela aurreikusi dute, iraila-urria ingururako, hain zuzen. Lurbel enpresak egin du proiektua, eta Mariezcurra eraikuntza enpresak egingo ditu obrak. Herenegun egin zuten lizitazioa. Aste Santuko oporraldiaren ostean ekingo dio enpresa horrek lanei.
Oinezkoen pasabide berria aurrekoa baino 15-20 metro inguru barrurago egingo dute, golf aldera. Azken hilabeteetako itsasaldiek dunaren eta golf zelaiaren zati handi bat eraman dute. Horrek bidea metro batzuk atzerago egitera behartu ditu. 700 metro inguruko luzera izango du, eta 2,5 metroko zabalera. Pasabidea dunatik 1,5 metroko altuerara egingo dute. Hala, dunaren izaera naturala babestuko da eta haren mugimendua bermatu. %6ko malda izango du, eta orain arteko egurrezko hesiaren ordez, sare bat jarriko dute golf zelaiaren eta bidearen artean. Horrek oinezkoaren segurtasuna bermatzeaz gain, golf jokalariak jokoan ikusteko aukera emango du. Era berean, biotopoaren eta bertako floraren inguruko informazioa jasotzen duten hainbat panel jarriko dituzte pasealekuan.
Espainiako Ingurumen Ministerioko Kosta Zuzendaritzak ordainduko ditu lanak bere osotasunean. 1,6 milioi euro inguruko aurrekontua izango du horrek.
Akordioak alde guztiekin
Urtarrileko, otsaileko eta martxoko itsasaldiek dunan eta biotopoko pasabidean eragindako kalteek igarobide berria egiteko prozesua azkartu dute. Urtarrilean dunaren zati handia eraman zuen itsasoak, eta otsaileko eta martxoko enbatek pasabidea txikitu eta golfaren zati bat irentsi zuten. Horrek aurretik egindako pasabidearen inguruko proiektua birplanteatzera derrigortu ditu, eta ondorioz hainbat instituzio eta alderekin negoziatzea ere ekarri du. Izan ere, pasabidearen trazadura berriak hainbati eragingo die: golfeko lur jabeetako bat den Narros familiari eta golf elkarteari berari, kasu.
Apirila hasieran sinatu zuten udalak eta Narros familiako ordezkariek hitzarmena. Bertan Narrosen lurren zati bat udalarena den beste eremu batengatik trukatuko dela jaso dute. Biotopoko oinezkoen pasabidea eraiki ahal izateko, Espainiako Ingurumen Ministerioko Kosta Zuzendaritzaren esku utzi ditu Zarauzko Udalak gune horretako lau partzela: Narros familiaren jabetzakoa bat, bestea Zarauzko Udalarena eta beste bi Zarauzko Golfak ustiatzen ditu egun bere jardueretarako.
Hor kokatzen da udalaren eta Narros familiaren arteko akordioa. Narrosenak diren 3.670,70 metro koadro lur okupatuko ditu ministerioak behin betiko, eta beste 1.204,48 metro koadro behin-behinean, obrak iraun bitartean, alegia. Horren truke, azalera bereko lur sail bat eman dio udalak Narrosi. Horrez gain, udalarena den 5.680,23 metro koadroko eremua okupatuko du Kosta Zuzendaritzak proiektua gauzatzeko. Hainbat joan-etorriren ostean, hilabete honen hasieran sinatu zuten hitzarmena udalak eta Zarauzko Golf Elkarteak. 2014-2016 bitartean lur azalera murritzagoa izango du golfak eta horregatik alokairua jaitsi egingo dio udalak. Egun 41.000 euro ordaintzen ditu udalaren jabetzakoak diren lurrak ustiatzeagatik. Obrak amaitutakoan egokituko dute alokairuaren zenbatekoa.