TSko langileen elkarretaratzea Azpeitiko epaitegiaren aurrean (TSko langileak)
Zestoako TS Fundiciones enpresak badu dagoeneko ateak itxiko dituen eguna; iaz hartzekodunen konkurtsoan sartu, eta otsailean zuzendaritzak enpresaren itxieraren berri eman ostean, kontsulta epean egon dira, bi aldeek negoziatu dezaten. Zuzendaritzak, ordea, ez du eskaintzarik egin, eta enpresa batzordearen arabera, «esan du ez duela egingo». Kontsulta epea hilaren 21ean agortuko da; orduan, enpresa likidatu egingo da, eta behin betiko itxiko ditu ateak. Langileek epea agortu zain egongo direla jakinarazi dute. «Negoziatzeko prest gaude, baina ez dugu ezer negoziatzeko, enpresak baitio ez duela dirurik».
Langileen ordezkariak hurrengo ostegunean dira elkartzekoak administratzailearekin, baina «esperantza gutxi» dutela azaldu dute. «Beraiek esan dute ez dela eskaintza berririk egongo». Behin enpresa itxitakoan, epaileak behin betiko likidazioa sinatuko du; ondorioz, hango 156 langileak kalean geratuko dira.
Beste behin, zuzendaritzaren jarrera salatu dute langileek, «miserian» utziko dituztelakoan. Horien arabera, 1991. urtean, orduko langileek Fogasatik kobratu zituzten euren lansariak; ondorioz, 30 urte baino gehiago kotizatu behar dute berriro Soldatak Bermatzeko Funtsetik dirua jasotzeko, baina epe hori bete ez denez, enpresak zor dion lan saria ez dutela jasoko salatu dute: «Enpresak zazpi eta zortzi milioi artean zor die, eta diru kopuru hori galdu egingo dute urte gehien daramaten langileek, Fogasak, aurrez kutxa irekita, ezin diolako ordaindu». Enpresa itxi ez dezaten eskatzeko kanpaina hasi dute Zestoan. Etxez etxe pankartak banatuko dituzte hurrengo astelehenean, hilaren 21era arte balkoietan jarri ditzaten. «Herriaren enpresa nagusia hau izan dela salatu dezaten nahi dugu, egin dutena egiteko eskubiderik ez dagoelako». Era berean, herritarrei eskerrak eman dizkiete, jaso duten babesarengatik. Horretaz gain, santelmoetan, hilaren 26an, manifestazioa egiteko asmoa dute langileek, 13:00etan, Zumaiako Beheko Plazatik hasita.
TS Fundicioneseko jabeek otsailean eman zuten itxieraren berri, «akordioak lortzeko ezintasunak» hala bultzatuta, «negoziazioan aurrerapausorik» egon ez zelakoan. Langileek, berriz, «negoziatzeko prest» daudela berretsi izan dute hasieratik.