Hondartzako Futbol Txapelketako Finalak jokatuko dituzte igandean. (Egilea: Aritz Mutiozabal)
[
Sasoian.info] Zarauzko Hondartzako Futbol Txapelketak 70 urte bete ditu aurten, eta igandean, apirilaren 13an, finaleko partidak jokatuko dituzte. Igandean zortzi partida jokatuko dituzte, zortzi final nagusi; eskolartekoen mailan lau eta senior mailan beste lau. Ohiko desfilea egin ondoren hasiko dira neurketak, 09:30ean. Denboraldi osoko lana biribiltzeko eguna izango dute taldeek, 70. urteurreneko garaikurra erdiestekoa.
ZKE Zarautz Kirol Elkartean 1944an antolatu zuen estreinakoz txapelketa, eta lehen aldi hartan infantil mailako zazpi taldek hartu zuten parte; Zarauzko taldeez gain, Getariakoak, Oriokoak eta Zumaiakoak zeuden. Estreinako txapelketa hura Beti Alegre zarauztarrek irabazi zuten Muxu Truk getariarren aurka, 2-1eko emaitzarekin. 1955ean, ZKEko presidentea Jose Antonio Pertusa zela, hiru mailetara zabaldu zuten txapelketa: infantil mailan ez ezik, jubenil eta senior mailetan ere jokatzen hasi ziren hondartzako futbolean. Ondoren, eskolarteko maila guztietara –mini-futbol, benjamin eta kimu neska-mutiletara– zabaldu zuten aukera. Espainiako estatu osoan aitzindari bihurtu ziren arlo horretan.
Eskolartekoetan Aiako, Orioko, Getariako eta Zarauzko ikastetxe guztiek hartu dute parte. Jubenil eta senior mailetan, eskualdeko herrietako taldeez gain, Donostia, Errenteria, Lezo, Hondarrbia, Usurbil, Hernani eta Debako taldeek ere hartu izan dute parte urte hauetan guztietan.
Futbol harrobia
Zarauzko Hondartzako Futbol Txapelketa harrobi oparoa izan da futbol arloan. Asko izan dira hondartzan jokatzen hasi eta ondoren goi mailako talde esanguratsuetan aritu diren jokalariak, bai gizonezkoetan, bai emakumezkoetan.