Azkoitiko Udalak aukeratu ditu abokatuak Azkoitia Lantzen-en aurkako auzirako

Ane Olaizola 2014ko apirilaren 11

Espainiako Kontu Ikuskaritzak Azkoitia Lantzen-en aurka zabalduta duen prozedura judizialerako udalak izango dituen abokatuak berretsi zituen herenegun udalbatzak. Juan Alda eta Yolanda Lopez izango dira abokatuak, batak «esperientzia handia» duelako, eta bigarrena Azkoitia Lantzen-eko eta udaleko aholkularia delako. Jose Luis Martin prokuradorea izango da. Udala pertsonatu egingo da Azkoitia Lantzen-en aurkako bi prozeduretan, eta, beraz, apirilaren 22an Madrilera joango dira, 2004 eta 2009 artean Txalon Errekan egin zituzten operazioak azaltzera; «gure esku dagoena egin behar dugu gauzak argitzeko. Azkoitia Lantzen-en egoera bideratzeko kudeaketak egiten jarraitu behar dugu», esan du Urrategi Alberdi alkateak. Aho batez berretsi dituzte izendapenak. Bestetik, bere iritzia eman du Mikel Zubizarreta EAJko bozeramaileak: «Kontseilaria nintzen garai hartan, eta lasai nago. Ondo amaituko dela uste dut. Dena den, uste dut inork ez dakigula zertara goazen Madrilera», esan du . Prozesuaren funtsa «ezezaguna» dela adierazi du, berriz, Miguel Reimundez PSE-EEko bozeramaileak. Reimundezek beharrezkotzat jo ditu abokatuen izendapenak, udalaren eta herritarren interesak defendatzeko, baina udalari eskatu dio informazio gehiago. Udal Gobernutik erantzun dutenez, ordea, «dagoen informazio guztia» eman dute. Horrez gain, EAJk eta PSE-EEk auzia «ahal bezain laster» amaitzeko nahia azaldu dute. EAEko Kontu Auzitegiak Azkoitiko Udalaren eta Azkoitia Lantzen-en 2010eko kontuak aztertu zituen, eta iaz ateratako fiskalizazio txostenaren arabera, «irregulartasunak» antzeman zituen 2004-2009 artean Txalon Errekan egin zituzten salerosketetan. Udalak berretsi dituen izendapenak Madrilgo ikerketari dagozkio, eta Azpeitiko epaitegiak hasitako prozedurari dagozkion abokatuak, hurrengo plenoan izendatzea aurreikusi dute. Soldata eta dedikazio berriak Bestetik, Azkoitiko udalbatzaren dedikazio-erregimenak eta soldatak aldatu egin ditu udalak, Bilduk aurkeztutako emendakin baten bitartez. Pello Bastarrika alkate ohiaren dimisioaren ondotik egin dituzten aldaketak direla eta, soldatak eta dedikazioak «berraztertu» egin ditu udalak. «Egoera berezi batean aurkitzen gara, besteak beste legealdia amaitzeko urte bat falta delako». Hasiera batean, ordainsariak guztien artean berdin banatzeko asmoa zuen udal gobernuak, baina udalbatzan hainbat desadostasun zegoenez, mailakatu egin dituzte, dedikazioaren arabera. Gastu orokorra, 129.781 eurokoa, mantendu badute ere, alkateak soldata txikiagoa izango du, eta alkate ordearena igo egingo dute; gainontzeko zinegotzien soldatak ere moldatu egin dituzte, dedikazioaren arabera. Dedikazioari dagokionez, alkateak eta alkateordeak dedikazio osoa izaten jarraituko dute; Nekazaritza, Ingurumena, Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak %75eko dedikazioa izango du; Lana, Industria eta Merkataritzako zinegotziak eta Hirigintza zinegotziak, berriz, %25ekoa izango dute. Bi hitzarmen Informazioa trukatzeko bi hitzarmen egitea ere adostu du udalak; batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartu dute akordio bat, ogasunari dagozkion datuak trukatzeko. Bidegirekin egin duten hitzarmenaren bidez, berriz, herritarren errolda datuak emango dizkiote udaletik, Bidegik eskaintzen dituen deskontuak emateko, haiek zuzenean egiaztatu ditzaten datuok.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide