Haurrak eta gurasoak parke inguruan. (Egilea:Aiora Larrañaga)
Orioko Udalak 2013an abiatu zuen
Euskaraz bizi-bizi egitasmoak oriotarren kontzientzia linguistikoan eragitea du helburu, herritarrek euskaraz bizitzea aukera dezaten eta euskarak erabilera esparru berriak irabaz ditzan. Ildo horretatik abiatuko du udalak
Aita, ama… kontu bat dut zuei esateko egitasmoa, gurasoen hizkuntza ohituretan eragitea helburu duen programa.
Azken datuen arabera, euskararen erabilera gaztetxoen artean asko indartu egin da azken bi hamarkadetan; 1989an Orioko gazteen %30k egiten zuten euskaraz kalean eta, 2013an, %88,5ekoa zen euskararen erabilera gazteen artean. Aldaketa horri buruz hitz egin du Jon Agirresarobe Euskara zinegotziak: «Gazteen hizkuntza Orion euskara da, eta albiste pozgarria da hori. Faktore askok lagundu dute horretan, udala euskalduntzeko egin diren programek, hezkuntza sistema euskaldundu izanak nahiz gero eta jende gehiagok euskaraz jakiteak. Horrela, pixkanaka gazteen artean euskararen erabilerari buelta ematea lortu da».
Dena dela, udala «kezkatuta» dago helduen hizkuntza ohiturekin. «Gurasoak haurren erreferenteak dira, eta helduek oso natural jarduten dute euskaraz nahiz gaztelaniaz. Gurasoak parkean edo etxean gaztelaniaz aritzen badira, haurrek ohitura horiek ikasiko dituzte konturatu gabe».
Gurasoak haurren eredu
Gurasoen hizkuntza ohiturak aldatu nahi ditu
Aita, ama… kontu bat dut zuei esateko programak. Lehenik eta behin, Orioko Udaleko Euskara batzordeak galdetegi bat prestatu du, herriko bi ikastetxeen laguntzarekin eta galdetegia LH4, LH5 eta LH6ko haur eta gurasoei banatuko zaie, bete dezaten. «Aurrena ikasleek ikasgelan galdetegia beteko dute beren gurasoen hizkuntza erabilerari buruz. Gero inkestaren bigarren zatia etxera eramango dute, gurasoek betetzeko. Hala, gogoeta piztu nahi dugu gurasoen artean», zehaztu du Agirresarobek.
Udalak galdetegietatik lortutako datuak erabiliko ditu alde batetik gaia gizarteratzeko eta, bestetik, parkeetan egingo duten ekintza eta jarduera programa zehazteko. «Parkeetan hainbat ekintza egingo ditugu, eta hizkuntza ohitura eredugarrien gida bat ere argitaratuko dugu».
Euskararen erabileraren inguruan Gipuzkoako Foru Aldundiak landu dituen programak eta beste hainbat herritan pilotu izan diren programak eredu izan ditu Orioko Udalak
Aita, ama… kontu bat dut zuei esateko programa sortzerakoan. «Ikusi dugu Orioko kasua ez dela berezia, beste herrietan ere kezka antzekoak dituzte». Gabiria eta Irurako kasuak ezagutu dituzte. Datuak Oriokoen «antzekoak» dira.