Arg. Julene Frantzesena. Uztarria.
Azpeitiko Udalak baratza publiko sorta berri bat jarriko du herritarren eskura, 90 baratza hain justu, eta erretiratu eta langabetuen artean banatuko dira. Zabalik da apirilaren 25era bitartean horietako baratza bat eskuratu ahal izateko izena emateko epea.
2007an jarri ziren martxan Azpeitiko lehen baratza publikoak. Ordutik hona «herriko beharrak eta norbanako nahiz familien egoera ekonomikoak aldatzen» joan direla nabarmendu du Aritz Epelde hirigintza zinegotziak. Azken urteotan eskaera asko izan dituzte, gainera, eta baratza gehiago egitea erabaki dute azkenean. Olatz auzoaren behekaldean, Ikasberri Ikastola ondoan 44 baratza berri egin dituzte eta Otzaka gunean lehen zuden baratzak erdibatu eta beste berri batzuk egin dira. 90 baratza berri dira orain eskainiko dituztenak.
Baratza berrien erdiak erretiratuentzat izango dira eta beste erdiak langabetuentzat. Bi zerrenda horiek osorik betetzen ez badira (bien artean 90 eskaerara iristen ez bada), langileek ere aukera izango dute baratza bat eskuratzeko. Urtez urte kontratuak errebisatuko dituztenez, langabezian zegoena lanean hasiko balitz, galdu egingo luke baratza lantzeko eskubidea. Gehienez ere bost urtera luzatuko da lurraren lagapena.
Baratza ekologikoak
Kutxa Ekoguneak finantzatu ditu baratza berriak egin eta dena atontzeak ekarritako gastuak, 80.000 euroko laguntza jaso du, guztira, Udalak. Horretarako baldintza bat bete behar dute, ordea, baratzek: ekologikoak izatea. Hori dela eta, baratzak hartzen dituzten herritarrek baratza ekologikoak lantzearen inguruko formazioa jasoko dute.
Eremu batean ala bestean egokituko zaie baratza eskatzaileei, gero trukatu ahal izango dituzten arren. Edozein modutan, Udalak ez luke nahi erretiratuak alde batean eta langabeak bestean egoterik, "azken finean lehen sektoreko kultura helduetatik gazteengana transmititzea nahi dugu, haien jakinduria belaunaldi berriei pasatzea garrantzitsua baita", adierazi du Epeldek.