Fleuryko espetxean "borrokaldia" hasi dute presoek, tartean Ekhine Eizagirre zarauztarrak

Urola Kostako Hitza 2014ko apirilaren 10a

[Berria.info] Fleuryko espetxeko (Frantzia) emakumeen moduluan dauden euskal presoek borrokaldia hasi dute euren egoera salatzeko. Ekhine Eizagirre zarauztarra bertan dute preso. Presoek azkenaldian "eskubide murrizketak eta probokazioak" jasan dituztela salatu dute, eta espetxeko zuzendaritzak eta funtzionarioek jarrera alda dezaten eskatzen ari dira. Etxeratek jakinarazi duenez, bakartu egin dituzte. Apirilaren 8an, asteartean, plantoa egin zuten patioan eta horren ondorioz espetxeko zuzendaritzak zortzi eguneko zigorra jarri zien. Zigor ziegetan bakartu dituzte, eta apirilaren 17ra arte luzatuko diete zigorra, beste zigor batzuk gehitu baitizkie zuzendaritzak. Zigor horrez gain, Eizagirreri beste zigor bat ere jarri diotela salatu du Etxeratek. 21 egunez bisitak kristala eta interfonoa dituen mintzatoki batean egin beharko ditu. Etxerat-ek azaldu duenez, orain hilabete inguru, bisita baten ondoren biluztera behartu zuten presoa eta istiluak izan zituen espetxeko funtzionarioekin. Preso zarauztarrak ez du zigorra onartu eta borrokaldiarekin jarraitzeko bisitei uko egitea erabaki du. Apirilaren 21era arte ez du bisitarik izango eta aldi berean zigor ziegan egongo da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide