CAF-Elhuyar sariketan eskualdeko bi lagun saritu dituzte

Urola Kostako Hitza 2014ko apirilaren 11

Baleike.com - Urola Kostako Hitza   Elhuyar Fundazioak urtero banatzen dituen zientzia dibulgazioko sarieketan, Gorka Azkune azpeitiarrak eta Gorka Zabaleta zumaiarrak saritu dituzte. Azpeitiarrak dibulgazio-artikulu orokor onenaren saria jaso du. Fikzioa errealitate bihurtzen denean lanari esker. Ez da azpeitiarrak CAF-Elhuyar saria jasotzen duen aurreneko aldia. Izan ere, 2002an,2003an eta 2004an ere saritu zuten. Azkunek teleportazioari buruzko artikulua idatzi du. "Edonork nahiko luke beretzat gailu batean sartu eta, istant batean, unibertsoko beste toki batean agertzeko gaitasuna", dio artikuluan. Modu oso ulerterrazean azaldu du teleportazio kuantikoa eta teleportazio 'errealaren' arteko desberdintasunak, lehena posible izanik ere, bigarrena, momentuz, ezinezkoa dela azalduz. Zientzia-kazetaritza arloko saria hirugarren urtez jarraian irabazi du Gorka Zabaleta zumaiarrak eta Baleike herri aldizkariko kazetariak, oraingoan Angulari erradiografia lanari esker. 2013ko otsaileko Baleiken argitaratu zen erreportajea. Iaz Ikaragarri bero zegoen zopa moduko bat zen hasieran unibertsoa lanagatik, eta 2011ko sarietan Itsas hondoa eskura, mapetan agertzen ez den mundua lanarengatik saritu zuten. Bi horiek ere Baleike herri aldizkarian argitaratu zituen. Aurtengo saria angulei buruz egindako lan batengatik jaso du. Urola ibaian angula kopurua ugaritzeko saioa egin zuen Aztik 2013ko urtarrilean. Itsasadarrean bi kilo angula arrantzatu zituzten Zumaiako angulazaleek eta, biharamunean, Urola ibaian gora askatu zituzten, Azkoitia eta Zumarraga artean. Zabaletak erreportaje zabal batean eman zuen horren berri Baleike aldizkarian eta baleike.com webgunean, eta, epaimahaiak honela baloratu du:  «Erreportaje bikaina da, eta gaur egungo kazetaritzaren eredu, primeran erabili baititu baliabide guztiak: testua, argazkiak, bideoa, papera eta Internet. Hizkuntza eta egitura egokiak ditu, eta azalpen interesgarriak». Aurtengo epaimahaia osatu dute Elhuyarren zuzendari nagusi Leire Canciok; ekologo, EHUko ikertzaile, eta zientziaren dibulgatzaile Arturo Elosegik; kimikari, EHUko ikertzaile, eta zientziaren dibulgatzaile Marian Iriartek; UEUren Inguma datu-basearen kudeatzaile Uxune Martinezek; eta Hekimen euskarazko komunikabide pribatuen elkarteko zuzendari eta kazetari Alberto Barandiaranek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide