Zumaiako naturguneei buruz mugikorretarako aplikazioa aurkeztu dute

Baleike 2014ko apirilaren 11

Zumaiako Geoparkea (Gorka Zabaleta) Zumaiako naturguneak modu erraz eta erakargarrian ezagutzeko aukera izango da hemendik aurrera gailu mugikorretarako aplikazio baten bidez. Audio giden bidez –euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez–, hiru ibilbide egiteko aukera eskaintzen du: flyschera irteera geologikoa, marearteko eremua eta Urolako itsasadarra. Audioez gain, argazkiak eta testuak ditu, ibilbide bakoitzaren geolokalizazioa (track-a) eta intereseko guneak mapan kokatuta. Aplikazioa Iphone eta Android plataformetarako garatu da, eta www.algorri.eu webgunean ere deskarga daiteke. Atzo aurkeztu zuten berrikuntza Donostian Zumaiako Udalak eta Geoparkeak. Aplikazioa ezagutzera emateko, larunbaterako irteera antolatu du Algorri Interpretazio Zentroak. Urolako itsasadarrean dauden ekosistemen aberastasuna gertutik ezagutu eta aplikazioa probatzeko aukera izango da. Irteera 11:00etan hasiko da, Algorri Interpretazio Zentrotik abiatuta, eta bi ordu iraungo du. Azalpenak euskaraz emango dituzte. Geoparkeak lau urteko bidea Duela lau urte erabaki zuten Zumaia, Deba eta Mutrikuko udalerriek Euskal Kostaldeko Geoparkea sortzea, besteak beste, tokian tokiko kultur eta natur ondareari lotutako turismo garapen iraunkorra bultzatzeko. Orduz geroztik hainbat urrats egin dira urtetik urtera gorantz doan bisitari kopuruari eskaintza egokia egin ahal izateko. Izan ere, 2012tik 2013ra %10 egin du gora bisitari kopuruak, eta gero eta atzerritar gehiago datoz, gainera: %6 egin du gora atzerritarren portzentajeak. Eskariari aurre egiteko, aurten bisita gidatu gehiago eskainiko ditu Geoparkeak, eta webguneko eduki nagusiak ingelesez eta frantsesez ere eskaintzen ditu orain. Bestalde, Zumaiako, Zestoako eta Azpeitiko udalek gaur aurkeztuko dute Bost geltoki historian zehar eskaintza turistikoa. Algorri, Ekainberri, Lili Jauregia, Loiolako Santutegia eta Burdinbidearen Euskal Museoa bisitatzeko hamar euroko forfaita egongo da aukeran.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide