Bake epailea izendatzeko deialdia ireki du Orioko Udalak, izan ere, tokian tokiko udalbatzarrari dagokio herriok bake-epaile titularra eta haren ordezkoa izendatzea. Apirilaren 28a bitarte egongo da eskaera aurkezteko epea. Udaletxean egin beharko da, horrez gain, udaletxean bertan espedientea aztertzeko eta informazioa jasotzeko aukera egongo da astelehenetik ostiralera, 8:30etik 14:30era.
Bete beharreko baldintzak
- Estatu espainiarrekoa eta adin nagusikoa izatea.
- Eginkizun judizialera ezgaitua ez izatea, ez fisikoki, ez psikikoki ere.
- Eskubide zibil guztien jabe izatea.
- Maltzurkeriazko delituagatik kondenatuta ez egotea, errehabilitazioa lortzen ez den bitartean.
- Maltzurkeriazko delituagatik auzipetuta edo inkulpatuta ez egotea, absoluzioa edo largespena lortzen ez den bitartean.
Izangaiek eskatutako baldintzak betetzen dituztela adierazi beharko dute. Instantzian alegatutakoa egiaztagirien bidez frogatuko dute eta ezgaitasunik edo bateraezintasunik ez dutela egiaztatuko dute. Memoria txiki bat ere erantsi beharko dute, hautagaitzaren egokitasuna eta balorazioa egiterakoan kontuan har daitezkeen aldagaiak azalduz.
Aukeraketa
Eskaera aurkeztu dutenen artean udalbatzarrak aukeratuko ditu bake epaile titularra eta ordezkoa, eta horretarako, udal batzarreko kideen gehiengo absolutuaren aldeko botoa eskuratu behar du hautagaiak. Eskaerarik ez balego, udalbatzarrak modu askean aukeratuko ditu prozedura bera aplikatuz, eta Organo Jurisdikzional eskudunari jakinaraziko dio erabakia.