Garagardo Azoka 12:00etatik 01:00etara egongo da zabalik hurrengo bost egunetan, eta guztira hamar garagardo mota dastatzeko aukera izango da, arruntak zein bereziak (Affligem, Guinness, Paulaner, Murphy's...). Aurten garagardo berri bat zerbitzatuko dute, Radler izenekoa; garagardoa limoiarekin, hain zuzen ere. Jatekoari dagokionez, ez dira txerri ukondoa, oilaskoa eta saltxitxak faltako; saltxitza berlinarrak hot-dog ogitartekoan dastatzeko aukera izango da aurten.
ZRTko kide eta Garagardo Azokako Ander Alberdik aditzera eman duenez, aurten afaltzeko gune berezi bat finkatuko dute karpan. “Gune honetan bizpahiru zerbitzarik ekarriko dituzte jatekoak mahaira, baina errotatiboa izango da, afaldu ahala altxa egin beharko dute bezeroek”. Gune honetan zortzi laguntzeko 12 mahai jarriko dituzte. Gainerako bezeroek beraiek joan beharko dute janari eta edari bila barrara. Urtero bezala, txartel bidez funtzionatuko du Azokak, eta garagardo-janari txartelak erostearekin bezeroak beste txartel bat jasoko du, urdaiazpiko baten zozketan parte-hartuz.
Eguerdi partean, 13:00etatik 15:30era, haurrentzako txokoa egongo da, eta gauero kontzertuek girotuko dute azoka. Karmele Alberdik turismo zinegotziak azaldu duenez, Zarauztik Azkoitira joateko autobus zerbitzu bereziak jarriko dituzte gauez. Oraindik ez dakite egunero eskainiko den autobus zerbitzua, baian Zarauzko Udaletik egunero izan dadila eskatu dute.
Bertso Bazkaria eta Mus Txapelketa
Aurreko egitasmoetan bezala, aurten ere Beertso Bazkaria antolatu dute larunbaterako, apirilaren 19rako. Julio Soto eta Iñigo Manzisidor Mantxi bertsolariek girotuko dute otordua. Egun bat lehenago, ostiralean, Mus Txapelketa jokatuko dute lehen aldiz, eta izena emateak bikoteko 20 euro balioko du; parte-hartzearekin batera, bi pitxar eta bi garagardo berezi daude barne.Garagardo Azoka egitasmo garrantzitsua izan ohi da Zarauzko Rugby Taldearentzat. Izan ere, denboraldiari aurre egiteko aurrekontuaren %70a bertatik lortzen dute. Aurten, gainera, Espainiako Ohorezko B mailan lehen urtea egin du Zarauzko beltzek, eta helburuak ongi bete dituzte: mailari eutsi eta laugarren sailkatu dira ligan. Alde horretatik, balorazio ona egin dute taldetik.