12 Tribu, martxa baten azken notak

Olatz Prat 2014ko apirilaren 10a

12 Tribu (Oihan Amezua) Eskualdeko eta Euskal Herriko reggae panorama pixka bat tristeagoa geldituko da asteburu honen ostean. Izan ere, ia hogei urteko ibilbidea duen 12 Tribu taldeak bere azken kontzertua eskainiko du gaur, Hendaia eta Donostia artean ospatuko den Txin’Goody Paradise jaialdian. Jarduera eteteko arrazoiak talde barrukoak izan direla azaldu dute, taldekideen «lehentasun kontuak», diote. Izan ere, talde txiki bat mantentzea zaila bada, are zailagoa da hamar laguneko talde bat mantentzea, «hamar lagun, hamar mundu baitira. Beti gertatu izan da hori, baina, puntu batera iritsi da, non lehentasuna ematen ziotenak ere nekatu egin diren eta taldekideen artean gauzak okertu aurretik uztea erabaki dugu», azaldu du Imanol Beobidek. «Hori da garrantzitsuena, giro txarrik eragin gabe amaituko dela», argitu du Asier Arangurenek. Reggae-a, gutxiren musika Ia hogei urtetan kide batzuk joan dira, beste batzuk etorri... 30 musikari inguru pasa dira taldetik, eta sei disko atera dituzte guztira. Eskualde mailan reggae musikaren erreferente izan da 12 Tribu, «batez ere musika hau egiten duten talde gutxi egon delako», dio Iñigo Etxaniz taldekideak. Reggae kultura egonda ere, Ladis Rivasen ustez «gaur egun sound system formatua da bogan dagoena, ez da inor konprometitzen talde handi bat osatu, entseatu eta zuzenean eskaintzeko errepertorio bat osatzera». Genero minoritarioa da reggaea, «gustatzen zaion jendea bai, baina, diskoak erosi edo kontzertuetara mugitzen den jende askorik ez dago», diote. Horregatik «eta geuk ere gehiegi bilatu ez dugulako», ez dute kontzertu kopuru handirik eskaini. Azken urtean Azpeitiko Sanagustin kulturgunean eta Zestoako eta Zarauzko gatzetxeetan jo dute. Azken kontzertua Hendaian Azken kontzertua ez da nolanahikoa izango, reggae musikari ospetsuen artean jotzeko aukera izango baitute. Rod Taylor eta Earl 16 abeslari jamaikarrekin, esaterako. Tacumah reggae talde donostiarraren bitartez jaso zuten bertan jotzeko gonbidapena. Gaur gauean, Hendaian, Roots Again azken diskoko kantuak joko dituzte gehienbat, baina taldearen ibilbide zabalean konposatutako abestiak ere berreskuratuko dituzte. Gainera, oholtzan inoiz jo gabeko pare bat abesti ere estreinatuko dituzte. Gaur azkena izango bada ere, 12 Tribuk eskualdeko musikaren historian badu bere tokia, eta argi dute etorkizunean, elkarrekin edo bakoitza bere bidetik,reggaea egiten jarraituko dutela: «Reggaearen junkieak gara gu». 12 Tribu - Sorrera. 1995 urte ingurua. - Diskoak. Who's your leader (1999), In it together (2002), Rebel inna Nazarin Street (2005), Reggae Gaua - Matadeixe (2011) (zuzenekoa), Freedom Sounds (2012) eta Roots Again (2013). - Kideak gaur egun. Miren Loinaz (ahotsa), Asier Aranguren Txato (bateria), Ladis Rivas (baxua), Josu Zubizarreta (gitarra), Imanol Beobide (teklatua), Oihana Aldazabal (teklatua-koruak), Ekain Artola (saxoa), Iñigo Etxaniz (tronboia), Jon Ibarzabal (tronpeta-koroak) eta Asier Aizpuru (perkusioa).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide