Imanolen txokora bidaia

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko api. 10a, 05:58

Manolo Urbietari bihotzez entseatzen (Aritz Mutiozabal/ Hitza) "Manolok dena eman zigun, mundu honetan ibiltzeko behar den guztia. Bizitzen irakatsi zigun». «Ikastolari izugarrizko ekarpena egin zion. Aurrekari bat izan zen». «Kritikoak izaten irakatsi zigun, euskara eta euskal kultura maitatzen irakatsi zigun». «Zer ez dit eman niri Manolok?». Haren ikasle ohientzat Manolo bezala ezagunagoa zen Imanol Urbietak egindako ekarpen zabala eskertzeko, omenaldi beroa antolatu dute Salbatore Mitxelenakoek biharko. 20:30etik aurrera Munoako karpa garai bateko haren ikasgela bihurtuko dute, eta antzerkiz, ikus-entzunezkoz, bertsoz, dantzaz eta musikaz beteko dute gunea. «Hori eta gehiago merezi duelako Manolok». Euskal munduari eta ikastolari berari eskainitakoa islatu nahi izan dute aitortza horretan, haren irakasteko modua gogoratu eta ezagutarazte aldera. Izan ere, hori «aurrekari bat» izan da Txomin Aizpurua jaialdiaren antolatzaile eta Urbietaren ikasle ohiaren arabera. «Kontuan izan behar da Manolo irakasle zenean, 1972-1975 urteetan, euskarak eta euskal munduak ez zuela inongo material didaktikorik. Irakasleek sortu behar izaten zuten orduan materiala eskolak eman ahal izateko. Hark uztartu zituen musika, jokoak... eta irakaskuntzara ekarri zituen. Guk gainontzeko haurrek adina ikasten genuen, baina beste modu batera, jolastuz eta musikarekin». Urbietak ikuspegi hezitzailetik egindako lana «izugarria» izan zen. «Hark beti esaten zuen pertsonek hezi egin behar zutela, bakoitzak bere kabuz. Euskara eta euskal kultura maitatzen irakatsi zigun, kritiko izaten». Salbatore Mitxelena Ikastolari eta askotariko belaunaldiei egindako ekarpena da, ez baita garai hartara soilik mugatzen haren lana. Aizpuruaren arabera, Urbietak sortutakoek gaur egun jarraitzen dute: «Belaunaldi luze batentzat ere kantu esanguratsuak dira». Omenaldia prestatzen hasi zirenean, hainbat aspektu biltzea erabaki zuten Ander Iturraldek eta Aizpuruak. Hasteko, Urbietaren irakasteko modua islatzeko orduko ikasgela irudikatzea Munoako karpan. Eta protagonistak haren ikasle ohiak izatea. «Garai hartan Urbietarekin ikasitakoak aktore amateur bihurtu, eta orduko ikasgela islatzea polita litzatekela pentsatu genuen», dio Iturraldek: «Horrek beste esanahi bat emango dio». Hala, Florido pensil-en moduko antzezlan bat egingo dute: «Hark erakutsitako abestiak ere sartu ditugu antzezlanean, eta ikusleengana gerturatzeko eskuorriak banatzea erabaki dugu haiek ere abestu eta parte hartu dezaten jaialdian. Komunikazioa zuzenagoa izan dadin». Josu Txapartegi Txapas-ekin eta Mertxe Isastirekin batera abestuko dute bertaratzen direnek. Era berean, ikus-entzunezko bat ere eskainiko dute. «Agur batzuk jaso ditugu bertan, argazki zahar batzuk... Bera oso argazki gutxitan ateratzen da; izan ere, garai hartan oso argazki kamera gutxi zegoen. Manolok bazuen bat, eta hark egiten zituen argazkiak, bera argazkietan atera ordez. Baina, adierazten du nolako giroa bizi genuen urte garai haietan», dio Aizpuruak. Omenaldiko gidoi osoa haren ikaslea izan zen Jose Luis Aranguren Txiliku-k eta Gurutze Izagirrek egin dute, eta horrenbestez, «ongi» irudikatu dute garai hura: «Txilikuk badaki ongi zer gertatzen zen ikasgelan. Ez du asmatu; hark badaki nola izan zen guztia». Etxebeltz bertso eskolako kideek ere pare bat bertso abestuko dituzte, eta dantzariek agurra egingo diote. «Omenaldi osoa izango da; ikastolako parte diren hainbat alorrek parte hartuko dute», jakinarazi du omenaldiaren antolatzaileak. Nor bere paperean Eguna gerturatu ahala, antzezlaneko protagonistak «urduri» daude dagoeneko. Batzuk ibiliak dira aurrez antzerkian, baina beste batzuentzat esperientzia berria da. Nolanahi ere, proposamena jaso zutenean ez zuten bi aldiz pentsatu, eta animatu egin ziren, «haren eraginak gaurdaino iraun» duelako eta «asko» zor diotelako irakasle ohiari. Izaskun Etxaberentzat eta Mikel Biainentzat lehenbiziko aldia da oholtza gainean. «Aurreneko aldia da antzerkia egiten dudana, eta oso zaila egiten ari zait. Lagun talde bat gara, kinto berekoak eta gure artean giro polita dago. Horrek erraztu egiten du guztia», aitortu du Etxabek. Egin dituzten hainbat eta hainbat entseguk ere lagundu diote. Aktoreek, entseguetan egin duten moduan, orduko euren izaera azaleratuko dute antzezlanean ere, antzeztuz baino «garai batera bidaiatuz». Haur «petraltxoaren» papera egingo du Etxabek, «errebeldearena». «Lehen ere hala nintzela uste dut». Biainek, berriz, ikasgelako «bihurriarena» egingo du, MacMikel-ena. Bera da, hain zuzen, Urbietaren abesti famatu horretako protagonista: «MacMikel pertsonaiarekin betikotu egin nau Manolok. Berarekin ikasitako gauzek eta nire izaerak MacMikelekin lotura handia dute. Denborak aurrera egin ahala ere, MacMikelen istoria nire bizimodu dela konturatzen naiz kantua entzuten dudanean». Urbietaren seme nagusiak, Joxean Urbietak ere hartuko du parte obran. Eta paper garrantzitsua izango du, gainera: aitarena, hain zuzen. Hau ez dago hain urduri: «Ondo moldatzen naiz; ni irakaslea naiz eta ohituta nago eskolak ematera.Baina, ez da gauza bera haur batzuekin lan egitea eta ganberro hauek gobernatzea». Aitaren antza zuen norbaiten bila zebiltzala jo zuten Urbietarengana: «Ez zuten Manoloren antz fisikoa zuten norbait aurkitu nahi; gitarrarekin eta kantuan ongi moldatzen zen norbaiten bila ari ziren. Lagunek ere parte hartuko zutela jakinarazi zidaten, eta animatu nintzen azkenean». «Lana» izan bada ere, «pozik» hartu du: «Nahikoa barre egiten dugu entseguetan, momentu puntualak gogoratzen... Gidoi bat badugu, eta pixkanaka moldatzen joan gara, bakoitzaren ekarpena eginez». Urbietak aitaren hainbat alderdi hartu eta moldatu egin ditu antzezlanerako: «Ni ez naiz gogoratzen garai hartako eskolez. Badakit nire aita zela eta irakaslea zela, baina ezer gutxi gehiago oroitzen dut. Hortaz, ezin dut imitatu. Badakigu jenio txarra zuela, haserretzen zela, umore ona ere bazuela, kantatzen zuela... Ez dut imitatuko, ez baitut gogoratzen nola mugitzen zen, nola hitz egiten zuen... Hainbat xehetasun hartu eta nire estilora moldatu dut, beraz». Hala ere, zenbaitek hainbat gauza aitak bezalaxe egiten dituela esan diote. «Nik instintiboki egin ditut». Landu gabeko diamanteak Ainhoa Alberdik zuzendu du antzezlana, eta omenaldia prestatzen laguntzea «plazer bat» izan da harentzat: «Ederra da mundu honetan apenas ibili direnekin lan egitea. Altxorrak dira, landu gabeko diamanteak. Hasieran, beldurra eta segurtasun eza zuten. Baina, gerora, hamar-hamabi urteko haurra topatu zuten euren barnean, eta jolasten hasi dira. Guztiok daramagulako haur hori bakoitzaren barruan, nahiz eta gehienetan seriogi jokatu eta ahaztu egiten dugun hori. Behin jolasean hasita, gozamena izan da ikasle ohiekin lan egitea». Pertsonalki ere, antzezlana gidatzea «garrantzitsua» izan da Alberdirentzat. Batetik, «lasaitzen» lagundu diolako: «Niretzat ariketa ederra izan da hau. Orain egiten ari naizen ikuskizunek esfortzu handia eskatzen didate eta honekin, berriz, lasaitu eta oreka bilatzen saiatu naiz, zerbait dibertigarria izan behar duelako. Gustura jardun dugu, konfiantza handia sortu da gure artean eta ziur nago oso ongi aterako dela. Bihotzez egingo dutelako, eta bakoitzak barruan duena eman duelako». Urbietak Alberdirengan ere eragina izan zuela gogoratu du: «Ni ere Manolorekin ibilia naiz musika eskolan, hiruzpalau urtez. Piriniotan ere izan ginen zenbait egun pasatzen. Gauza asko jaso ditut harengandik, eta hau da hari egingo diodan nolabaiteko eskertza. Nik ere nolabait sentitzen bainuen hori eman nahi niola, opari hori egin nahi niola». Ikastolaz haratago Urbietaren ekarpena ez da mugatu ikastolako lau hormetara, beraz. Handik kanpo ere asko eman du. «Berak asteburuetan, udako oporraldian... ikasleak hartu eta Galiziara, Madrilera, Parisera, Italiara, Suitzara eramaten zituen. Hari esker ezagutu genituen beste bazterrak», nabarmendu du Aizpuruak. Ongi baino hobeto gogoratzen du hori Mikel Biainek. «Manolo niretzat aita bezala izan da. Denbora asko eman izan dut harekin, gurasoak kanpoan zaudenean udak harekin igarotzen nituen. Bere satelitea nintzen, nolabait. Harreman handia genuen, betitik». Ikasketak amaitu zituenean ere jarraitu zuten harremanarekin. «Bere ardi beltza izan naiz». Asko irakatsi zion Urbietak, oro har bizitzen: «Dena eman zidan, mundu honetan ibiltzeko guztia». Biain, Alberdi eta Aizpurua bezala, Etxabe ere ibilia da Urbietarekin han eta hemen. Haren seme Joxean eta Manu, eta Margarita Azpitarterekin batera, Haur Kantaria izan zen zarauztarra, eta disko bat grabatu zuten elkarrekin. «Zazpi urte geniten, eta ordutik munduan zehar ibili naiz harekin. Abestu dut izugarri pila, bizi izan ditut esperientzia izugarri politak, izugarri aberatsak. Gauza asko eman dizkit Manolok». Horregatik, oraindik ere «hunkitu» egiten da irakasle ohiaz hitz egitean: «Zer ez dit eman niri Manolok? Egia esan, ez dakit nola azaldu. Nik Manoloz hitz egiten dudanean negarrak irteten dit; hunkitu egiten naiz. Nire barruan badago zerbait».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide