Azkoitiko Aste Santua, aldaketekin eta biziberrituz

Nerea Uranga 2014ko apirilaren 10a

Azkoitiko Ostiral Santu eguneko arratsaldeko prozesioa (Argazkia: Jon Andoni Martin) Aste Santuko ekitaldiak mantentzeko eta eraberritzeko ahalegina egiten ari dira Azkoitian. Esaterako, iaz aurrenekoz Erramu Igandez haurrentzako prozesioa eta meza egin zituzten, plaza eta parrokia artean; aurten ere antolatu dute. Horrez gain, aurten Aste Santuko irudiekin lotutako eta Azkoitiko ondare historikoa ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte, heldu zein haurrentzako. Ostegun Santu Egunean parrokian egingo dute, eta ostiralean herrian. Gidari, Juan Bautista Mendizabal historialari azkoitiarra ariko da. Ederki ezagutzen du Azkoitiko Aste Santua Mendizabalek. 34 urte daramazki Aste Santuaren antolaketan. «Garai hartan, herriko prozesioak desagertzear zeuden, eta irudiak Floreagan gorde eta han erakusgai jartzea pentsatu genuen. Baina, Genaro Lekuonak, orduko erretoreak, indarberritu eta kalera ateratzen segitzera animatu gintuen». Azkoitian Aste Santua bihar hasiko dute: «Doloretako ostirala da, eta XXI. mendeko euskaldunontzako oso abesti kuriosoa dena abesten da San Frantziskoko baselizan. XVIII. mendeko euskararekin egindako abestia da, gaztelaniazko hitzekin nahastuta. Migel Mari Azpiazuk egin zion partitura». Aste Santuaren antolaketa, ordea, duela egun batzuk hasi zuten. «Lehen emakumeek jarduten zuten irudiak eta hauen arropak-eta antolatzen, baina gaur egun gizonezkoak ere aritzen dira». Hamahiru irudi dira prozesiokoak, eta denak Santa Klaran edukitzen dituzte gordeta. Urtero, Aste Santuaren ondoren kontuak nola joan diren jasoz idatzi bat egiten dute. Hala, prestaketak hasterako badakite zer falta daitekeen. «Idatzian detaile denak jasotzen ditugu, hala antolatzen hasterako badakigu zer dagoen egiteko», dio Mendizabalek. Prozesioko irudien emataileak lotzea gero eta zailagoa da, baina konpontzen dira. «Zerrenda bat daukagu, eta bateren batek ezin duenean besteren bati esaten diogu. Horretan, udaletxeko teknikariek asko laguntzen digute». Aste Santuan herrian gelditzen denarentzako ere eskaintza egon behar duela uste du Mendizabalek: «Jendea oporretara kanpora doala eta gauzak kentzea ez dago ondo. Herrian gelditzen direnek ere bertan gauzetaz disfrutatzeko aukera izan behar dute. Jende gutxiagorekin egin beharko da agian, baina egin egin behar da». Ahal den neurrian, Aste Santuko ekitaldiei heldu egin behar zaiela pentsatzen du. «Sekula eten ez den katea» Azkoitiko Aste Santua «aintzinako tradizioa» dela dio Mendizabalek, «sekula eten ez den katea da, XVI. mendean ere egiten zen». Orduan, elizan Jesus gurutzatu eta liturgia berezi bat egiten zela dio. Herriko alardeetan parte  hartzen zutenak jartzen ziren gero zerraldoaren bueltan. Ondoren, XVIII. mendean, armatuak izango ziren zerraldoaren inguruan joango zirenak. Orduan sartu zen Azkoitiko Aste Santuan Ama Doloretakoaren irudia. «1666an azaltzen da oso zuzen nola antolatzen zen Azkoitiko Aste Santua», dio historialariak. Gero, ekitaldiei oso lotuta zalduntxoak ere egon zirela dio. Eta denboran aurrera aberastu egin zen Aste Santua, «beste irudi batzuk sartzen dira, eta ikonografia eta musika aberastu egiten da». XX. mendean, berriz, irudiak gehituko dira, «hor ditugu Zuloagak parte hartutakoak eta Beobidek egindakoak». Prozesioan ateratzen den azkeneko irudia Miguel Oñederrak egindakoa da: «Gaur egun bizi da, eta berak egindakoa da Ecce Homo irudia». Prozesioetan gauzak gehitzen joan dira, baina beste kontu batzuk galdu egin dira: «Jesusen gorputzaren jaitsiera liturgia galdu egin da. Horrez gain, Monumentua irudia ere galdu da; 1840. urtean Iruñako Santo Domingo komentutik ekarritakoa zen, ikusgarria. Ostegun Santu Eguneko prozesioak ere galdu ziren». Baina, oraindik ere asko gordetzen du Azkoitiko Aste Santuak, Mendizabalen arabera: «Asteazken iluntzean, dun-dun zaharra jo eta irudiak parrokiara eramaten dira. Ostiral goizean, berriz, Gurutze Bidea egiten da, XVIII. mendean Peñafloridako konteak egindako musikarekin eta Aita Cardaberasen letrarekin». Ostiral Santuan arratsaldez prozesioa pauso guzti-guztiekin egiten dute. Eta, iluntzean Ama Doloretakoa eta zerraldoarekin bakar-bakarrik egiten da, parrokitik Goiko Kalera. Agur Doloretako Ama abesten dute, eta baseliza barrura sartzen dute zerraldoa: «Une hori azkoitiarrontzat oso hunkigarria da». Musika horren egilea Jose Ignacio Aldalur da, azkoitiarra, eta Azpeitiko organista izana. «Gizon horren erraztasuna ikaragarria izan zen, Azkoitian kantu triste eta sentikor hau jarri zuen, eta Azpeitian Inauterietan Diana berak egin zuen». Azkoitiko Aste Santua berezia da Mendizabalen ustez: «Gauza txiki asko ondo koordinatuta ateratzen den gauza handi eder bat da. Gainera, parte hartze handia daukana».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide