Javier Vargas: "Euskal Herrian musika giroa arnasten da eta talentu asko dagoela ikusi dut"

Olatz Prat 2014ko apirilaren 10a

Azpeitiko Sanagustin kulturguneko txoko bakoitzak dardara egingo du bihar gauean Javier Vargas (Madril, 1958) oholtzara igotzen denean. Blues eta rock n’rollaren maitale sutsua, Carlos Santana edo Prince bezalako musika izarrekin aritutakoa da gitarra-jotzaile hau. Azpeitian, Vargas Blues Bandekin ateratako bere azken lanaz eta bluesak utzi dituen harribitxi musikalez gozatzeko aukera izango dute zaleek. Patxi Zabaleta eta Jon Gurrutxaga izango dira, Bikustik-ekin, giroa berotzeko arduradunak. Hitzordu galduezina, bihar, ostirala, 23:00etatik aurrera, Sanagustinen. Heavy City Blues diskoa aurkeztuko duzu Azpeitian. Zer dakarkizu lan honekin? Rock pultsu handia duen diskoa da, ez bakarrik dituen riff-engatik, baita Carmine Appice bateria jotzaileak eman dion bizitasunagatik ere. Baina, diskoaren oinarrian blues-rock britainiarra dago, nabarmen. Sustraietara itzuli zarela esan izan duzu. Bai, nire eraginak Britainiako blues-rock horretatik datoz, baita rock argentinarretik ere. Beraz, esan daiteke horietara itzuli naizela. Eragin horiek eta beste asko elkarrekin nahastuta entzun izan dizkizugu, flamenkoarekin nahiz doinu latinoekin, esaterako. Zer nahasketa probatu nahiko zenuke? Hain justu, ekainean disko berri bat grabatzen hasiko naiz, Chris Jagger (Mick Jaggerren anaia) eta Dani Wilde blues abeslari britaniarrarekin batera. Rock eta blues psikodelikoa landuko dut gehienbat lan horretan. Heavy City Blues honetan dagoenetik oso desberdina izango da. Abesti esperimentalagoak izango dira. Soinu desberdinak bilatzea gustuko duzula esango zenuke, beraz? Beti daukazu buruan lortu nahiko zenukeen soinuren bat. Nire kasuan, inspirazioak bidaiatzen dudan lekuen edo mugitzen naizen inguruaren arabera egiten du lan. Blues, rock eta psikodelia nahasketa hori oso gustuko dut. Eragin handia izan dute nigan San Frantziskoko soinu zaharrek ere, Chuck Berry edo T-Bone Walkerrek, esaterako. 60eko eta 70eko hamarkadetako musikak eragin dit gehien. Eraginak asko izanik ere, zer da Javier Vargasek musikari egiten dion ekarpenaren funtsa? Zer da, eraginen gainetik, zeurea den hori? Nik uste dut bihotza eta inspirazioa dela neurea den hori. Nire soinua eta sentitzeko modua da musikari egiten diodan ekarpena. Bizitza osoa daramat musikan, eta niretzat musikaren bitartez sentimenduak adieraztea oso gauza handia da. Urte asko dira lanean. Argentinan hazi nintzen, Nashvilleko country talde batean heldu nion musikari eta, gero, Los Angelesen aritu nintzen, Espainiara itzuli nintzenean Miguel Riosen konposatzaile eta gitarra-jotzaile izan nintzen, Orquesta Mondragonekin, Joaquin Sabinarekin, Manolo Tena nahiz Luz Casalekin aritu nintzen. Gero neure proiektua sortu nuen, Vargas Blues Band, eta hori izan da neurea den hori adierazteko bide zuzen eta egokiena. Izar asko daude zure kolaborazioen zerrendan, Carlos Santana, Raimundo Amador... Jack Bruce, Frank Marino, Junior Wells, Carey Bell... blueseko artista asko; egia esan, zerrenda luzea da. Hor daude, baina, egia esan, orainean pentsatzen dut gehienbat, ez dut iraganean pentsatzen. Etorkizuna, berriz, idazteko dago. Bluesak berak, bere ezaugarriekin, erraztu egiten al du beste musikariekin hizkuntza berean aritzea? Noski, azken finean bluesa rock n’rollaren, rockaren eta jazzaren jatorria da. Bluesaren hastapenetan egin zenak geroko milioika musikariren oinarriak finkatu ditu. Musikaren gatza eta piperra dira, musika modernoaren oinarri eta bizigarri. Non dauka orain Vargas Blues Bandak lanerako gunea? Duela urte askotik Ibizan (Balearrak) bizi naiz. Asko gustatzen zait itsasoz inguraturik bizitzea, toki neutral batean. Hemen dut estudioa eta lanerako tokia. Eta gero hemendik mugitzen naiz kontzertuetara, Espainiara nahiz atzerrira, Europara batez ere. Euskal Herrian behin baino gehiagotan izan zara. Harremanik ba al duzu hemengo musikariekin? Euskal Herrian azken urteetan izan dudan esperientziaren arabera, musikari itzelak daudela ikusi dut. Aukera izan dut toki askotan jotzeko, eta Vargas Blues Bandentzako kontzertuak zabaldu dituzten talde asko oso onak izan dira. Uste dut Euskal Herrian musika giroa arnasten dela eta talentu asko dagoela. Iparraldean kokatuta egotean, gainera, eraginak rockeroagoak direla iruditzen zait, bluesa oso indartsu sartu da eta entzuleak adituak eta zorrotzak dira. Euskal Herrian jotzean ohartzen zara entzuleek asko eskatzen dizutela eta hori izugarri gustatzen zait, zeure onena ematera behartzen zaituztetelako. Zein musikarirekin ariko zara Azpeitiko kontzertuan? Azpeitian azken urteetan aritu izan naizen taldearekin ariko naiz: Peter Kunst bateria-jotzaile eta abeslari herbeheretarrarekin, Luis Mayo argentinarrarekin, baxuan eta ahotsetan eta Gaz Pearson abeslari ingelesarekin. Neu ariko naiz gitarrarekin. Errepertorioari dagokionez, disko berriko abestiez gain, lehengo abestiak ere joko al dituzu? Bai, disko berriko gauza asko joko ditugu, baina baita lehengo abestiak ere, duela asko jo ez nituenak. Inoiz jo gabeak ere joko ditugu. Rock eta blues abesti ezagunei ere erreferentzia egingo diegu, Jimi Hendrix, Cream, Junior Wells, Buddy Guy edo Muddy Waters bezalakoei. Heavy City Blues horrek azaltzen du oso ondo bira honen izaera, rock gordinenaren, rock n’rollaren eta bluesaren sustraiak azaleratzen ditugulako. Musika mota honen zaleentzat, galduezinezko hitzordua da, beraz. Uste dut etortzen den jendeak asko gozatuko duela, batez ere gatozen taldeak denbora asko daramagulako elkarrekin jotzen, lan asko egin dugu eta hori nabari da emaitzean. Egia esan, Vargas Blues Bandek orain arte izan duen osaketa hoberena da, nire ustez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide