IRITZIA: 1972!!

Urola Kostako Hitza 2014ko apirilaren 10a

IRITZIA. BOSTEKOA. Ainhoa Alberdi Gaurkoan zezenak harrapatu nau, eta hemen nago: asteazkeneko goizeko 08:30ak dira, eta oraindik Bostekoa idatzi gabe. Uste dut idazten daramatzadan urte hauetan sekula ez zitzaidala horrelakorik gertatu. Egia esan, atzo egun aldrebes samarra izan nuen. Udaberri gorabeheratsu honetan izaten ari dira egun aldrebesak ere; dena dela, horiek ere ongi etorriak izan bitez. Gaurkoan eskerrak emateko aprobetxatuko dut tarte hau. Badira bi hilabete inguru taldetxo bat elkartzen hasi ginela, Manolo Urbietari omenaldi bat egin nahi zitzaionaren aitzakian. Ander Iturraldek egin zidan gonbita, eta nik onartu. Antzerki bat egin nahi zuten. Aktoreak Manoloren ikastolako lehenengo ikasleak, eta ni zuzentze lanetan. Lehen bilera Galtxagorri elkartean egin ondoren, abian jarri ginen, astelehenero kiroldegiko goiko gela batean. Gogoan dut lehen eguna, denak zintzo-zintzo, piska bat beldurtuta ere bai horrelakorik sekula egin gabeko jendea baitzen orokorrean eta bertigo piska bat, edo asko, ematen baitute gauza hauek batzuetan. Testuaren irakurketa bat egin ondoren, gorputza martxan jartzera pasa ginen. Lehenengo ariketak planteatu nizkienean, aurpegi arraroak ikusten nituen, zoratu banintz bezala begiratzen zidaten: «Zer egin behar dugula? Jolastu? 11 urteko haurrak bagina bezala? Baina guk 52 ditugu...», eta horrelakoak entzun nituen hasieran. Baina bigarren asterako irrifar bat ahoetan jartzen ziren denak, zirkuluan, eta ariketak egiteko prest zeuden, plazerez. 11 urteko haurrarena pixka bat gehiago kostatu da orokorrean, baina jolastu dute eta hori da garrantzitsuena, eta ondo pasa dute eta bide batez Manolok Zarauzko herrian egindako guztiaren eskerretan oparitxo zoragarria prestatu dugu denon artean eta bihotzez. Niretzat ere oparia izan da, eta plazer handia. Ondo pasatu dut. Barre egin dut eta ni neu ere irrifar bat ahoan joan naiz astelehenero kiroldegiko zitara. Abestu dugu. Txikitan abestutako kantuak izan ditugu ahoetan astelehenero, eta honekin batera gehiago edo gutxiago garai haietan bizitako bizipenak, batzuk argiak eta koloretsuak eta beste batzuk ilunagoak, baina denak bizitzaren zati garrantzitsuak, gu geu garena egitera lagundu duten zatiak. Antzezlanaren pertsonaiak garai hartakoak izan dira, norberak bere buruarena egin du; Mac Mikel ezagutu dut, hainbatetan txikitan nire ahotan egondako kantuaren protagonista, eta Nekane, eta Ibon, eta Izaskun, eta Mertxe, eta Josu, eta Begoña, eta Joxean. Bakoitzak izan du bere lekua lan honetan, eta denek jarri dute ilusioa eta beraien indarra eta energia. Plazera izan da euren begiak dir-dir egiten ikustea garai hartako haurrak balira bezala. Plazera izan da beraiekin jolastea, plazera beraiekin kantuan eta dantzan aritzea, beraien oroitzapenak entzutea eta berriro ere garai hartara bidaiatzen laguntzea.Ohore bat niretzat. Ostiral honetan erdituko da gure haur txikia, eta ni ez naiz bertan izango. Emanaldia dut Basaurin. Horrelakoa da gure lanbidea... Baina denok oholtza gainean egongo gara une berean, kilometro batzuk tarteko eta nire barreneko energiaren zati bat beraiekin egongo da dudarik gabe, eta magia egingo dugu, beraiek Zarautzen eta nik Basaurin, gure aurrean dauden ikusleen barrenetan zerbait mugituko delako, bihotza astinduko duelako, malkorik isuriko delako...Horixe da antzerkia. Mila esker guztioi bihotz-bihotzez. Plazer handia izan da! Ah! Eta kaka pilla biharko! (3. orritik dator)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide