Berdelari eta arrantzari ateak irekiz

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko apirilaren 9a

http://youtu.be/rkEo0ICHKuA   Berdelaren kanpaina bukatu berri da, eta haurren artean berdelarekiko zaletasuna zabaltzeko eta arrantzaleen lana azaltzeko ekitaldi berezia egin dute gaur goizean Getariako Iturzaeta Herri Eskolan. Goizean goizetik hasita, berdela arrantzatzearen inguruko ikus-entzuneko bat ikusi dute gaztetxoek eta, ondoren, ekitaldira bertaratu diren arrantzaleei galderak egiteko aukera izan dute: «Arrantzan ari zaretela erori al da norbait uretara?» galdetu du batek; «inoiz puskatu al zaizue sarea pisu gehiegi zuelako?» beste batek, «itsaso txarrak harrapatu al zaituzte arrantzan?»; asko izan dira gaztetxoen zalantzak, eta umore onez eta barrez erantzun dituzte galderak arrantzaleek. Emeterio Urresti Getariako Kofradiako presidentearen iritziz, mota horretako kanpainak «oso baliagarriak» dira haurrek berdela estimatzen ikas dezaten. «Garai batean berdela ez zen jaten, eta ez zen prestatzen gaur egunean prestatzen den bezala». Horregatik, Urrestiren iritziz «garrantzitsua da berdelari ateak irekitzea, herritarrek arrain honek dituen propietateak ezagutu ditzaten eta haurrek arraina jaten ikasi dezaten». Duela bi urte antolatu zuten lehen aldiz berdelaren inguruko jardunaldia, eta «emaitza bikaina» ematen duela uste du Balbino Inza Iturzaeta Eskolako zuzendaritza taldeko kideak. «Aurtengoan, gainera, Agenda 21 egitasmoaren barruan elikadura jasangarria lantzen ari gara, eta berdelaren gaiak lotura zuzenda duenez, oso gustura gaude. Haurrek oso ondo pasa dute». Arrantza ogibide Berdelaren inguruan hitz egiteaz gain, ekitaldian parte hartu duten arrantzaleek gaztetxoak arrantzara ere animatu dituzte. «Lehenik eta behin ikasi egin behar dute eta lanerako ordua iristen zaienean, gustatuko litzaiguke arrantza eurentzat aukera bat izatea. Gaur egunean dagoen lan arazoarekin, arrantza bizimodua aurrera ateratzeko bidea da. Arraina urtero etortzen da gure kostara, merkatua ere badago, eta ogibide polita izan daiteke belaundaldi berrientzat», azaldu du Urrestik. Iritzi berekoa da ekitaldia bertatik bertara jarraitu duen Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendaria ere. «Oso pozik gaude, gaurkoaren moduko ekitaldiek haurrengan eta gazteengan arrantzarekiko zaletasuna sustatzen laguntzen dutelako. Gaurkoan berdel dastaketa egin dute Getarian, eta orain dela hilabete eskas Orioko Ikastolako haurrek herriko itsasontziak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten». Arrantza zuzendariaren iritziz, «gazteak dira arrantzaren etorkizuna,  eta ahalegin handia egin behar dugu erakundeek eta arrantzaleek horiek arrantzara gerturatzeko». Antxoaren zain Aurten arrantzaleek inoiz baino beranduago abiatu dute berdelaren kanpaina, kuoten partiketagatik. «Dagoeneko amaitu dugu berdelaren kanpaina. Kupo partiketa berriearekin iaz baino kilo gehiago arrantzatu ditugu. Antxoaren kanpaina gainean genuenez, berdelarekin lehenbailehen bukatzeko egunean itsasontziko 20.000 kilo arrantzatu ditugu». Laster antxoa arrantzatzeari ekingo diote arrantzaleek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide