Urtero bezala, datorren igandean, apirilaren 13an, Aiako plaza jendez beteko da Txakolin egunean. Herritar eta kanpoko ugari gerturatzen dira egun horretan txakolina dastatu eta bertan ematen diren pintxoak jatera. Hamairu dira aurten beren txakolina eskainiko duten upategiak: Arregi, Aizpurua, Etxetxo, Gaintza, Hiruzta, K5 Argiñano, Kataide, Mokoroa, Sagarmiña, Ulacia, Upaingoa eta Zudugarai.
11:30etan hasiko da festa eta 14:00 ingurura arte iraungo du; inguratzen direnek, kopa hiru eurotan erosi ahal izango dute, gero nahi adina txakolin edateko.
Txakolinaz gain, txahal errea dastatzeko aukera ere egongo da Aiako plazan. Burruntzian erreko dituzte bi txahal, eta bertaratzen direnak pintxoa euro baten truke jango dute.
Aiako Udalaren eta Getariako Txakolinaren Jatorrizko Izendapenak antolatzen dute Txakolin Eguna, Aiako Jai Batzordea eta Billabonako Musturinea eta Zizurkilgo Joxean Harategien laguntzaz.