Azkoitia Lantzen, auzi konplexuetan

Ane Olaizola 2014ko apirilaren 9a

Azkoitia Lantzen-ek, besteak beste, lurren salerosketak eta operazio urbanistikoak kudeatzen ditu. Udala da bazkide bakarra, eta administrazio kontseilu batek hartzen ditu erabakiak. Udaleko zinegotziek osatzen dute administrazio kontseilua. - 2012. Intsausti eremua bizitoki bihurtzeko proiektua abiarazi zuten 2007an Azkoitia Lantzen-ek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. 690 etxebizitza libre eta babestu egiteko hainbat kontratu sinatu zuen Biteso, Sierras Sabi eta Galmak XXI enpresekin. Kontratuak ez beteta, Azkoitia Lantzen-ek erabaki zuen kontratua bertan behera uztea. 2013ko apirilean salaketa jarri zuen Bitesoren aurka. - 2012. Agem Consultores enpresak kontuak ikuskatu ondoren, ebatzi zuen Azkoitia Lantzen-en obligazioak ez daudela kontuetan sartuta, eta ondasunak eguneratu gabe daudela. - 2013ko uztaila. Euskal Autonomia Erkidegoko Kontu Auzitegiak Azkoitia Lantzen-en ikuskaritza egin ondoren, 2010ean Txalon Errekako operazioetan «arau ez betetzeak» izan zirela ebatzi zuen. - 2013ko uztaila. Aldundiak Azkoitia Lantzen-en ondarea baloratu, eta aholkularitza enpresa bati kontuak ikuskatzeko agindu ostean, sozietateak 9.024.382 euroko ondarea zuela esan zuen, hiru urte lehenago baino 11.000.000 euro gutxiago. Kontuetan agertzen ez ziren 8.248.250 euroko bete beharreko konpromisoak eta 3.726.622 euroko maniobra fondo negatiboa zuen. Irregulartasunak aurkitu zietuen Elkarguneko eta Ugarteko-Igarako kudeaketan. - 2013ko uztaila. Azkoitia Lantzen-en ondarea babesteko neurriak hartu zituen udalak. Elkargune eta Ugarte Igarako igerilekuen titulartasuna udalarena dela erregistratu zuten; aurreko legealdian adostutako Intsausti eremuko aprobetxamendua bertan behera utzi, eta Txalon Erreka, Eginoberri, Urrategi bideko eta Basarteko aprobetxamenduak «betetzat» jo zituzten; Azkoitia Lantzen-en eta udalaren eskubide eta obligazioak likidatu zituzten. - 2013ko urria. Espainiako Kontuen Epaimahaiak aurretiazko diligentziak zabaldu zituen, Azkoitia Lantzen-ek Txalon Errekan 2004 eta 2008 urte artean egindako salerosketak ikertzeko eta egon daitezkeen «irregulartasunak» argitzeko. - 2013ko abendua. Azpeitiko epaitegiak Oinartxo-Eginoberri zabortegiko lixibiatuen inguruan Azkoitia Lantzen-en aldeko epaia eman, eta zabortegiaren lixibiatuen kostuen ardura Hierros Eguinori egotzi zion. Helegitea jarria du enpresak. - 2014. Urola Industrialdearekin adostuasunera iritsi dira, 800.000 euroko zorra negoziatuta. Oñartxo eta Eginoberriko urbanizazioengatik ordaindu behar zion iaz zorra, aurreko legealdiko obligazioengatik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide