Bilduren aldeko botoekin onartu dira 2014ko udal aurrekontuak Zestoan

Olatz Prat 2014ko apirilaren 9a

Joan den asteko udalbatzarrean onartu zituzten udal aurrekontuak (Olatz Prat) Zestoako Udalak onartu ditu 2014ko udal aurrekontuak. Bilduk babestutako aurrekontuek ez dute EAJren sostengurik izan, joan den astearteko udalbatzarrean abstenitu egin baitziren jeltzaleak «lehentasun desberdinak» izateagatik. 4.700.000 eurokoa da aurtengo aurrekontu orokorra. Horietatik 4.600.000 euro udalaren aurrekontu propioari dagokiona da, eta gainerakoa Kiroldegiari dagokiona. Iazkoak baino zertxobait handiagoak dira aurrekontuak, 4.400.000 eurokoa izen baitzen 2013an aurrekontua. Inbertsioak gerakinetik 2014rako aurreikusitako inbertsio nagusiak Kiroldegia eraberritzeko lanak (300.000 euro inguru) eta Iraetako plaza eraberritzekoak (150.000 euro) dira. Dena den, Espainiako Gobernutik ezarritako arau berriak betetzeko, inbertsio nagusi hauek atera egin behar izan dituzte, momentuz, aurrekontuetatik. Proposamenak gastuen araudiko atal bat betetzen ez zuenez, bi aukera zituen udalak: batetik, ikerketa finantziero bat egitea, eta bestetik, bestelako baldintza batzuk betetzea, hala nola gerakina eta aurrezki garbia positiboak izatea, baita defizita eta zor helburuak betetzea ere. Bi inbertsio horiek kenduta lortu dute baldintza horiek betetzea, eta aurrekontua osatu ahal izatea. Hurrengo udalbatzarrean 2013ko aurrekontuak likidatu eta zehaztuko da gerakina eta, hain zuzen ere, iazko gerakin horren zati bat erabiliko da Kiroldegiko eta Iraetako plazako lanak egiteko. Kiroldegian aldagelak eraberrituko dituzte eta aterpea luzatuko dute. Honek beste gela bat egitea ahalbidetuko du, eta gimnasioa handituko dute hala. Iraetako lanei dagokionez, bilera bat egingo dute datorren astean bizilagunekin. Lanek eragina izango luketen etxe-atarien jabeekin bilduko dira, lanen nondik norakoak zehazteko. Aurrekontuetan jasotzen diren beste inbertsioen artean daude irisgarritasuna bermatzen ez duten zenbait eskaratzetan lanak egitea, eta San Juan auzoko parkeko irisgarritasuna bermatzea, gurpildun aulkietan edo bestelako lagungarriak behar dituzten San Juan Egoitzako egoiliarrek hara jaisteko arazorik izan ez dezaten. Bide batez, parkeko lurra eta inguruak txukunduko dituzte. Lehentasun desberdinak Zestoako EAJ abstenitu egin zen aurrekontuen bozketan. Taldeko bozeramale Josetxo Mendizabalek arrazoiak eman zituen: «Inbertsioen banaketa beste modu batera egingo genuke guk, proposatu diren inbertsio guztiak egin beharrekoak direla onartuta». Jeltzaleek nabarmendu zuten, faltan botatzen dutela sustapen ekonomikora bideratutako proiekturen bat, «are gehiago herriaren egoera ikusita. Dinamika gutxi ikusten dugu arlo horretan». Bestetik, gastuetako partida batzuk igo diren bezala, «jaitsi daitezkeen zenbait gauzatan, gastua ez da jaisten», azpimarratu zuten. Ohar horiek egin ostean abstenitzea hautatu zuten, beraz, «ez planteatu diren gauzen kontra gaudelako, baizik eta lehentasuna beste proiektu batzuetan ipiniko genukeelako», adierazi zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide