Zarauzko Vista Alegreko bizilagunek ez dute nahi urte osoko TAO sistema auzoan

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko apirilaren 9a

Vista Alegreko galdeketaren bozkak zenbatzen (Amaia Ventas) Zarauzko Udalak pasa den astean galdeketa egin zien Vista Alegreko bizilagunei, auzo horretan TAO sistema urte osora zabaltzea nahi duten ala ez jakiteko. Atzo goizean zenbatu zituzten botoak, eta bizilagunen gehiengoak ezezkoa eman dute. Zehazki, 93 lagunek proposamenaren alde egin dute, 262 pertsonek kontra eta boto zuri bat ere eman dute. Guztira, 366 lagunek bete dute galdeketa; udalak 800 laguni bidali zien inkesta etxera. Vista Alegreko auzotarrak askotan kexatu izan dira auzoan aparkatzeko arazoak dituztela-eta. Horren aurrean, pasa den udan aparkaleku toki batzuk gorde zituen udalak bertako bizilagunentzat, batetik auzokoei aparkatzeko esklusibotasuna emateko eta, bestetik, aparkaleku pribatuen erabilera sustatzeko. Formula horrek «hein batean arazoa arintzen lagundu» zuela nabarmendu zuen Mikel Goenaga Mugikortasun zinegotziak. Beste urrats bat harago emate aldera,   auzotarrei galdeketa egitea adostu zuten pasa den astean, TAO urte osora zabaltzea nahi zuten ala ez jakiteko. Gehiengoak ezetz bozkatu du, ordea. Hainbat aldaketa aurten Zarauzko Udalak parte hartze prozesua abiatu zuen azaroan udan TAO sisteman egindako aldaketek herritarren aldetik zein erantzun jaso duen ezagutzeko. Erantzunetan oinarrituta, zenbait moldaketa egin zituen udalak ondoren, eta proposamena otsaileko udalbatzarrean onartu zuten gehiengoz eta behin-behinean. Besteak beste, Zarautzen zirkulazio baimena dutenek 13:00etatik 16:30era doan aparkatzeko aukera—errotazio altuko guneetan izan ezik— izango dutela jaso dute araudi berrian. Halaber, Moilarri eta Lizardi kaleen arteko zatian, Nafarroa kaletik iparralderako gunean, gehienez lau orduz aparkatzeko aukera egongo da aldaketok behin betikoz onartuz gero. Lehen guneko lehen sektorean (Alde Zaharra) aparkatzeko txartela dutenek, berriz, eremu horretako hirugarren sektorean (Azken Portu Goia) ere autoa utzi ahalko dute. Era berean, Vista Alegreko Urkidi kalean dagoen bisitarientzako gunean egun osoan aparkatu ahalko dute egoiliarrek. Herrikosoro kalean aparkatze luzeetarako gune bat sortzea ere proposatu du udal gobernuak, eta baita lan kontuengatik herriko gune askotan aparkatu behar izaten dutenei txartel berezia eskatzeko aukera ematea ere. Txartel bereziak emango zaizkie herrian ostatu hartzen duten bisitariei ere, bezeroek prezio egoki batean herrian aparkatu dezaten. Aldaketak behin-behinean onartu ostean, alegazio epea zabaldu dute herritarrek proposamenak egin ditzaten. Vista Alegreko bizilagunei egindako galdeketa hor kokatu dute. Auzotarren iritzia ezagututa, aldaketa egingo dute orain TAO sistemaren araudi berrian. Alegazioai dagokionez, oraingoz bakarra aurkeztu dute, PSE-EEko ordezkariek, hain zuzen. Horiek autokarabanak uzteko gunea beste leku batean jartzeko eskatu dute, Astiko zubi azpian, zehazki. Hori eta alegazio epean jasoko dituzten beste eskaerak apirileko udalbatzarrean eztabaidatuko dituzte alderdiek. TAO sistemaren ordenantza berria behin betikoz onartzen dutenean, prozedura martxan jarriko dute udarako egin beharreko moldaketa guztiak prestatze aldera. Egoiliarren txartelak etxeetara bidaliko dituzte, iazko ereduak kontuan izanik. Norbaitek aldaketaren bat egin badu—etxez aldatu bada ala autoa bajan eman badu, kasu— udaletxean jakinarazi beharko du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide