Nafarroa kalean aldaketak egin dituzte (Amaia Ventas)
Nafarroa kalean eta inguruko kaleetan hainbat aldaketa egin dute trafikoari dagokionez, biribilguneko obrak direla-eta. Alde batetik, Nafarroa kaletik Jautarkol kalerako pasabidea itxi dute. Hori dela eta, herritarrek Etxebeste zein Seitximeneta kaleak erabili beharko dituzte errepide nagusitik Gipuzkoa kalera pasatu ahal izateko. Mandabide kalera igarotzeko igarobidea ere aldatu dute. Kale horretara iritsi nahi dutenek bi aukera izango dituzte: alde batetik, Zinkunegi kalera jo beharko dute eta hortik Zumalakarregi gurutzatu, eta bestetik, Zarautz Hotelaren pareko sarreratik jo beharko dute. Dena den, Nafarroa kalean bi norabideak bermatuta daude. Horretarako, zenbait aparkaleku kendu dituzte kale horretan, Gipuzkoa kale aldera daudenak, zehazki. Horri esker, bi errei egokitu dituzte Nafarroa kalean—ohiko iparraldekoa itxi dute—, bi norantzetan ibili daitezen autoak. Halaber, hainbat zebrabide egokitu dute, behin-behinean.
Hainbat fase izango ditu obrak. Orain iparraldeko zatia—hondartza aldera dagoena— lantzen ari dira, Mikel Goneaga Obren zinegotziaren arabera. Lan horiek hilabete edo hilabete eta erdi inguru iraungo dute, eta hori amaitu bitartean, hegoaldetik igaro ahalko dute autoek. Behin iparraldeko zatia burututa, zirkulazioa desbideratu eta hegoaldekoa guneari ekingo diote. Obra guztiak ekainaren 15erako amaituko dituztela aurreikusi du.