Iaz jendetza bildu zen Aiako Txakolin Egunean (Igor Iturain)
Igande eguerdian Aiako plaza jendez beteko da. Izan ere, apirilean ohitura den bezala, Txakolin Eguna ospatuko dute Aian. Igor Iturain Aiako alkateak jakinarazi duenez, «dena prest» dute jendetza biltzen duen jairako. «Azken xehetasunak ixtea falta zaigu», azaldu du.
11:30ean hasiko da festa, eta 14:00ak ingurura arte 15 upategik beren txakolina eskainiko dute. Bertaratzen direnek «prezio onean» txakolin freskoa eta txahal errea dastatzeko aukera izango dute. «Edalontzia 3 eurotan salduko dugu, eta euroan txahal pintxoa», zehaztu dute udaletik.
Dena dela, Txakolinaren Eguna herrian jai giroa jartzeko aitzakia dela uste du Iturainek. «Giro ederra sortzen da herrigunean, eta eskualdeko beste herrietatik ere jendetza etortzen da goiza pasatzera gurera. Iaz, esaterako, 700 kopa saldu genituen», zehaztu du Aiako alkateak.
Txahal errea eta txakolina
Azken urteetan handitu egin da Aian txakolin zaletasuna. «Bi txakolindegi ditugu Aian, baina asko dira beren lurretan mahastiak jarri dituzten baserritarrak. Lehen ere zenbait baserritan txakolina egiten zen etxerako, baina azken urteetan ekoizpena handitu egin da». Getariaren ondoren, mahasti gehien duen herria da gaur egun Aia.
Txakolina igandeko festako protagonista izango bada ere, bertaratzen direnen artean txahal erreak ere «oso harrera ona» izaten duela nabarmendu du Iturainek. «Getariako jaian, esaterako, txakolina dastatzera hurbiltzen da jendea. Nik uste dut Aian desberdina dela, txahal erreak arrakasta ikaragarria izaten baitu, txakolina bezain preziatua izaten da hemen jatekoa ere». Euskal Herrian gertatu ohi den bezala, «jatekoa eta edatekoa badago, giro ederra ziurtatuta dago».