Indar Unanue
[Sasoian.info] Red Bull Rivals surf erronkan parte hartzeko hautatuetako bat da Indar Unanue (Zarautz, 1987) surflaria. Erronka honek Kanariar Uharteko surflariak eta Iberiar penintsulako surflariak aurrez aurre jarriko ditu, eta zarauztarra bigarren taldean ariko da, Gony Zubizarretak gidatuta. Lehen proba Kanaria Handian jokatuko dute hil honetan, baina oraindik ez dakite noiz izango den. Itsasaldi egokiaren zain daude.
Penintsulako taldeko kidetako bat zara. Nola suertatu zaizu bertan parte-hartzeko aukera?
Kanariar Uharteko eta Penintsulako surflarien arteko erronkaren berri izan nuen, eta bertan parte-hartzeko izena emateko epea zabaldu zuten webgune batean. Erronkak bi kapitain ditu, Gony Zubizarreta (penintsulako) eta Jonathan Gonzalez (Kanariar Uhartekoa), eta hauek kategoria bakoitzerako hiru surflari hautatu zituzten izena eman zuten guztien artean, aurretiko aukeraketa bezala. Zubizarretak Free Surfer atalerako hautatu ninduen, beste bi surflarirekin batera.
Behin betiko aukeraketa interneteko erabiltzaileek egin dute, ezta?
Hala izan da, bai. Aurretiko aukeraketaren ondoren, astebeteko epe bat zabaldu zuten duela bi aste jendearen bozkak jasotzeko, eta bitarte horretan kanpaina egiten aritu gara guztiok sare sozialetan. Egia esan, lehia gogorra egon da. Bozketan buru egon nintzen ia uneoro, baina azken egunean bigarren sailkatua nigandik hamar bototara jarri zen. Igande hura ordenagailu aurrean pasatu nuen.
Taldean beste zarauztar bat dago: Hodei Collazo. Zeintzuk osatzen duzue penintsulako taldea?
Collazok surflari profesional gisa hartuko du parte egitasmoan, eta gu biokin batera, Lucia Martiño asturiarra izango da emakumezkoen mailan eta Ethan Egiguren donostiarra gazteen mailan. Beraz, hiru euskal ordezkari izango gara, eta gero Gony Zubizarreta bera, nahiz eta euskalduna ez izan harreman handia du Euskal Herriarekin. Nolabait esateko, guztiok ezagutzen dugu elkar eta ongi eramaten gara. Nik uste dut talde polita osatzen dugula.
Kanariarrei irabazteko modukoa?
Noski baietz! Ez da erraza izango, haiek ere talde ona osatu dutelako eta lehen proba haien etxean jokatuko dugulako, baina garaipenaren bila joango gara.
Noiz jokatuko duzue lehen proba hori?
Ez dago zehaztu. Jokatu baino astebete lehenago abisatuko digute, eta guztia hartuta hara joan beharko dugu. Itsasoaren aurreikuspenen arabera izango da hori, azken finean. Nahiko olatu ona da hangoa, baina bere puntu gorenean egon dadin nahi dute lehia jokatzeko.
Zein da olatu garrantzitsu hori?
Kanaria Handiko
El Confital izeneko olatua. Nik ez dut sekula surfean egin bertan, baina jende guztiak oso olatu ona dela esan dit eta gogotsu nago bertan uretaratzeko.
Zenbat probek osatuko dute erronka?
Guztira, bi proba izango dira, eta bigarrena penintsulan jokatuko dugu, nahiz eta oraindik ez diguten jakinarazi non izango den. Kanarietakoa apirilean izango den bezala, penintsulakoa noiz izango den ez dute zehaztu. Ezustekoa izango da... Bestalde, oraingoz ez digute esan probaren funtzionamendua zein izango den, baina nik uste dut suflari bakoitza bere kategorian lehiatuko dela, eta gero puntuazio bidez erabakiko dela zein taldek irabazten duen.
Zer suposatzen du zuretzat Red Bull Rivals erronka honetan parte-hartzeak?
Halako ekitaldi batean parte-hartzeak oihartzun handia ematen dizu hedabideetan. Hori horrela, niri komeni zitzaidan bertan egotea; batetik, aukera ona delako talde on batetik Kanariar Uhartean surfean aritzea, eta bestetik, babesle kontuengatik. Bestalde, sari ekonomiko handiak egongo direla aditzera eman digute.
Ilusio handia ikusten zaizu.
Bai, halaxe nago. Izan ere, hau ez da urtero antolatzen den zerbait.